Udal aurrekontuen zati bat erabaki ahalko dute laudioarrek

Erredakzioa 2021ko uzt. 7a, 12:11

Aurrekontu parte-hartzaileak abiatu ditu Laudioko Udalak. ALEA

Aurten ere aurrekontu parte-hartzaileak izango ditu Laudiok. Hil honetan hasiera emango diote lau fase dituen prozesuari. 

2020an hasitako bideari jarraiki, datorren urteko aurrekontuak prestatzeko prozesua abiatu du Laudioko Udalak. Modu horretan, laudioarrek aurrekontuaren 200.000 euro zertan inbertituko diren erabaki ahal izango dute. 

Udalak aurtengo funtzionamendua nolakoa izango den azaldu du, ohar batean. 2022ko aurrekontuak prestatzeko prozesuak lau fase izango ditu. Lehenengoa hil honetan bertan abiatuko dute. Elkarteek, taldeek edo 16 urtetik gorako laudioar orok proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, bai udaletxean bertan zein udalaren webgunean. Abuztuko bigarren fasean "jasotako proposamenen bideragarritasuna" aztertuko dute udal sailek, "ikuspuntu juridiko, tekniko eta ekonomikotik".

Irailaren lehen hamabostaldian, berriz, herritarrek aukera izango dute udal teknikariek aukeratutako proiektuak bozkatzeko. "Bozketa aurrez aurre, Laudioko udaletxean edo udalaren webgunearen bidez" egin ahal izango dela aurreratu dute. Laugarren fasean bozketaren emaitzak aztertuko dituzte, eta lehenetsitako proposamenak  udal-aurrekontuaren proiektuan sartuko dira, Udalbatzak onar ditzan.

Eva Markinez Ekonomia eta Ogasun zinegotziaren esanetan, "tresna honek Laudioko herritarrei aukera ematen die udal aurrekontuaren zati bat nola erabili proposatzeko, jarduera eta ekimen berriak garatzeko”.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago