Aiara, Artziniega eta Okondoko udalek indarkeria matxistaren biktimen arreta indartuko dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 1a, 13:00
Indarkeria matxistaren biktimen erreparazioa da lan ildo nagusia. AIARALDEA.EUS

Aiaraldeko Gizarte eta Berdintasun zerbitzuek 58 emakume artatu dituzte 2020ko urtean, indarkeria matxistarekin loturiko auzietan. Gehienak 30 eta 44 urte dituzte, ezkonduak eta adingabeekin.

Aiara, Artziniega eta Okondoko udalek Kuadrillako gizarte langilearen lan jarduna luzatuko dute, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta indartzeko. Halaber, indarkeria matxista bizi duten emakumeek zuzeneko telefonoa (681 08 41 18) izango dute, whatsapparekin, deitzeko edo mezua bidaltzeko.

Zerbitzu berria uztailaren 1etik aurrera jarriko da martxan, 8:00etatik 15:00etara, eta telefono horrekin batera, berdintasun teknikariaren telefonoa (686 587 889) ere egongo da, ordutegi berdinarekin. Gainera, 24 orduko zerbitzuak ere badaude, batetik, urgentziazko gizarte zerbitzuen telefonoa (945 13 44 44) eta bestetik, arreta telefoniko espezializatua (900 840 111).

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren jarraipenerako eskualdeko mahai teknikoak eta politikoak  iragarri dituzte neurri berriak, eta indarkeria matxistaren inguruko azken datuak ere eman ditzute. Hala, Aiaraldeko Kuadrillako Gizarte Zerbitzuetan eta Berdintasun Zerbitzuetan 58 emakume artatu dituzte 2020ko urtean, indarkeria matxistarekin loturiko auzietan. Erabilitako indarkeriaren era nagusia psikologikoa izan da, eta ondoren, fisikoa, ekonomikoa eta sexuala.

Emakumeen profilari dagokienez, gehienak 30 eta 44 urte tartean daude, ezkonduak eta adingabeekin, eta gehienak, jatorriz, Euskal Autonomia Erkidegokoak dira. Erasotzaile gehienak ere jatorriz erkidegokoak dira.

Emakume hauek bideratzeko orduan, gehien erabili den baliabidea laguntza psikologokoa da, eta jarraian, juridikoa. Hala, 2020an 86 emakumek erabili dute laguntza psikologikoa eta 43k juridikoa, Kuadrillan dauden arretarako foru zerbitzuetan. Era berean, Kuadrillako zortzi emakume Foru Aldundiaren aterpeetan egon dira. Ertzaintzari dagokionez, 2020an 41 emakume artatu zituzten.

Aiarako Kuadrillan artatutako 58 emakumeetatik, %41k salaketa jarri zuten. Alta, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzuek ohartarazi dute salaketa ez dela derrigorrezkoa arreta jaso ahal izateko; "baliabideak emakumeen eskura daude, salaketa izan ala ez". Izan ere, emakumeei aholkatzen zaie salaketa jarri aurretik, informatzeko, eta, ondoren, hala nahi izanez gero, salaketa jartzeko. "Arretaren helburua biktimak erreparatzea da, ahalduntzean laguntzea, giza baliabideak eta bestelakoak eskaintzea, betiere emakumeen denborak eta erabakiak errespetatuz", nabarmendu dute.

Era berean, Aiaraldeko zerbitzuek nabarmendu dute 2020, pandemia dela eta, arreta emateko urte zaila izan dela, "batez ere Osakidetzan". Aurrez aurreko aukerarik ez denez egon, ezin izan dira kasuak detektatu eta bideratu. Bestalde, baliabide telefonikoak asko erabili dira, "konfimamenduak indarkeria matxista bizi dutenen egoera zaildu duelako, eta baliabide telefonikoak zuzenean eskura izan dituzten bakarrak izan dira".

Erreparazio printzipioa txertatzen

Bestalde, indarkeria matxistaren jarraipen mahaietan, bai teknikoan, bai politikoan, erreparazioaren printzipioa lantzeko konpromisoa hartu dute. Irailean, emakume elkarteen eta talde feministen mahaiak gauzatuko dira, eta horrekin batera, hezkuntza zentroekin, Laudioko Berritzegunean, koordinazio lanarekin jarraituko dute.

Helburua 2020ko datuak komentatu eta erreparazio ekimenak antolatzea izango da, betiere Aiaraldeko Berdintasun Topaketari begira, azaroan egingo dena. Izan ere, indarkeria matxistaren emakume biktimen erreparazioa izango da aurtengo gaia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide