Lamuzako Parkea itxiko dute larunbat gauetan, jende pilaketak saihesteko

Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 13:20
Larunbatetan Lamuzako Parkean topaketa masiboak saihestu nahi dituzte. / LAUDIOKO UDALA

Laudioko Udalak iragarri du ezin izango dela Lamuzako Parkera sartu larunbatetako 23:00etatik igandetako 6:00etara bitartean, udalerrian Covid-19aren agerraldi berriak eragin ditzaketen jende pilaketa handiak saihesteko.

Ohar labur batean Udalak azaldu duenez, "eguraldi ona eta udako oporrak direla eta, asko dira Laudion gaueko aisialdiaz gozatzen hasi direnak", besteak beste, Lamuzako Parkean. Hala ere, pandemia eta horren ondorio gogorrenak egunero agertzen direla ohartarazi du, "ordutegi eta leku mugarik gabe".

Hori dela eta, larunbateko 23:00etatik igandeko 6:00etara bitartean parkearen ateak ixteko erabakia hartu dute. Udalaren helburua larunbat gauetan bertan gertatzen ari diren kontzentrazio handiei galga jarri eta topaketa masiboak saihestea da.

Parkera sarrera publikoa mugatzeko neurri hori "datozen hilabeteetan" egongo da indarrean, eta pandemiaren bilakaeraren arabera egokituko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide