Ohikoak dira udako koadernoak, ikasturtean zehar ikasitakoa indartu eta oroitarazteko. Norabide berdinean, Amurrioko haur eta gaztetxoek doako tresna bat izango dute eskura.
Udan euskaraz blai izena eman diote 16 orrialdeko aldizkariari, eta Amurrioko ikastetxeetako ikasleen artean banatu dituzte. Bertan, kontakizunak, jolasak, marrazkiak, bertsoak eta denbora-pasak bildu dituzte.
800 ale argitaratu ditu Udalak, eta udaletxean zein Interneten ere eskuragarri dago, nahi duen orok erabiltzeko moduan.
“Umeen eta helduen artean euskararen erabilera sustatzea da gure lehentasunezko helburuetako bat. Horretarako sortu dugu denbora-pasak eta gure herriaren historia eta kultura batzen dituen aldizkari hau, udan ere euskaraz gozatzeko eta ikasteko aukera emanez”, esan du Julen Sasiain Amurrioko euskara zinegotziak.