Etxaurrengo baselizatik ikusita, Menoiok herrixka sosegatu eta xume baten itxura du, 1114ko urte urrun haren oso antzekoa, historiarako jaio zen urtean, hain zuzen. Urte horretakoa da Menoioko lehen aipamen dokumentala, baina aspaldikoak dira ingurua bizileku bezala aukeratu zuten gizakien aztarnak.
Izan ere, Sopeña osoan leku pribilegiatu bakarra da Menoio: gailur baten hegoaldeko hegal leunean dago, Eskorieta eta Peregana mendien artean. Burdin Aroko bi herrixka egon ziren Babio eta Peregana mendietan, Menoioko kokalekutik gertu. Halaber, Sopeña eskualdeko trikuharriak biltzen dituen Añesko Gune Megalitikoaren barruan nabarmenetakoa da Oletar landetan dagoena, Menoio, Añes eta Salmanton herrien artean. 1919. urtean aurkitu zuten, eta 1964an induskatu. Giza hondakinak aurkitu ziren, errauste zantzu nabarmenak zituztenak, eta dozenaka zeramika zati.
Erdi Aroan, berriz, Menoio izan baino lehen, Etxaurren izan zela diote, edo, bestela esanda, gaur egun desagertuta dagoen auzo hartan, Etxaurrengo Andra Mariaren santutegiaren ondoan, izan ziren etxeek jaso zutela
Menoioko jatorrizko populazioa.
Beranduago, herri txikiari buruz aurkitu daitezkeen aipamen ia bakarrak gatazka armatuak dira; Napoleonen inbasioan, batez ere, tropen harrapaketak pairatu zituzten menoiotarrek. Frantsesek atzera egin zutenean, gainera, lapurtzera sartu ziren Etxaurrengo ermitan. Gerra karlistek ere eragina izan zuten eguneroko bizitzan, armada mantendu behar izan zutelako.
Baina herrian arrastoa utzi duen azken gatazka handia Espainiako Gerra izan da. Garai batean, Aralar batailoia Etxaurrengo ermitan kokatu zen, eta herriko eskolan ere egon ziren milizianoak. Maroñoko bizilagun baten testigantzaren arabera, ermitaren inguruetan errepublikanoek kanoi bat edo bi jartzen zituzten, eta kanoi horiekin mendilerroaren gainean tiro egiten zuten.
Toki estrategikoa aukeratu zuten errepublikanoek, izan ere, herriaren hego-ekialdeko gain batean dago baseliza, eta Aiarako Sopeñaren eta Gorobel mendilerroko ikuspegi zabalak daude bertatik.
Aiarako patroia da, gainera, Etxaurrengo Andra Maria. Bertako baseliza 1600. urte inguruan altxatu zuten eta 1770etik aurrera erabateko zaharberritzea egin zuten, hondakinetan baitzegoen. Eraikuntza xumea da, baina toki paregabean kokatuta.
Larreak eta bidexkak
Inguru horretatik ibilbide ugari igarotzen dira; Izoria, Etxaurren eta Arespalditza lotzen dituen 7,5 kilometroko zirkularra, Gerra Zibilaren aztarnen bidea, edo Kexaako Monumentu Multzoarekin lotzen duen txangoa. Inguruko mendietara ere ibilbide lasai batean igo daiteke.
Larre horietan, gainera, uda partean bazkatzen dute sona handiko gaztak ematen dituzten latxa ardiek. Menoion bertan gaztandegia dute Anabel eta Mertxe ahizpek. Duela bost urte gurasoen erreleboa hartu eta ordura arte bezala, aurpegi beltzeko ardi latxaren aldeko apustua egin zuten, ardi-arraza hau delako hain zuzen ere zonalde horretakoa. 22 urte dituen gaztandegian gazta ondua eta freskoa ekoizten dute ahizpek, bat ere kontserbagarririk erabili gabe. Ardiak modu estentsiboan kudeatzen dituzte