Laudioko osasun zentro berria 2024an izango da martxan

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 13:00
Ander Añibarro alkatea eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Latiorron. / IREKIA

Lehen mailako arretako zein arreta espezializatuko kontsultak, Etxeko Ospitalizazioa, Erradiologia eta Osasun Mentala eskainiko ditu Laudioko osasun zentro berriak. 11 milioi euroko inbertsioa izango du, eta obrak 2022ko udan has litezke.

Laudioko egungo anbulatorioa ordezkatuko duen osasun zentroa Latiorro auzuneko Goikogane eta San Martin kaleen arteko lursail batean egongo da, eta 6.000 metroko azalera izango du. Bertan izan ziren atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Ander Añibarro Laudioko alkateak, azpiegitura berriari buruzko lan bileraren ostean.

Aurreikuspenen arabera, obrak 2022ko udan hasiko lirateke eta 2024ko martxoan amaitu. Horretarako, 11 milioi euroko inbertsioa egin beharko du Osasun Sailak, eta Osakidetzak lehen mailako arreta indartzearen alde egindako apustua nabarmendu du Sagarduik. Era berean, Ander Añibarro alkateak "biziki" eskertu du osasun zentro berria eraikitzeko erabakia.

Zentroa Zumalakarregi kalean dagoen egungo anbulatorioa baino handiagoa izango da, eta aspalditik datorren beharrari erantzungo dio. Izan ere, biztanle kopuruari dagokionez, Arabako bigarren udalerri handiena da Laudio, 20.000 biztanle ingururekin, eta oraingo azpiegitura txikiegia zen herritarren beharrei erantzuteko.

Gainera, zentro berriak zerbitzuen zorroa zabalduko du: lehen mailako arreta zerbitzuaz gain, kanpoko kontsultak, Etxeko Ospitalizazioa, Erradiologia eta Osasun Mentala eskainiko dizkie Aiaraldean bizi diren 42.000 biztanle baino gehiagori.

Araban kokatuta egon arren, Barrualde-Galdakao ESIari dagokio Laudioko Lehen Mailako Arretako Unitatearen buru izango den zentroaren kudeaketa. Unitate horrek Okondo eta Orozkoko kontsultategiak ere hartzen ditu bere gain.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide