Ertzaintzak Tubacexeko grebalari bat atxilotu du Amurrioko epaitegiaren aurreko protestan

Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 13:01

Tentsio uneak Amurrioko epaitegiaren aurrean deitutako elkarretaratzean. / LAB

Tubacexeko pikete batean identifikatutako hiru langilek Amurrioko epaitegian deklaratu behar izan dute. Kanpoaldean protesta egin dute kideek, eta Ertzaintzak grebalarietako bat eraman du atxilo.

Ostegun honetan, greba mugagabearen testuinguruan martxoaren 25ean egindako pikete batean salatutako hiru langileek Amurrioko epaitegian deklaratu behar izan dute, desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. Inplikatutako alde guztien deklarazioak entzun ostean, epaileak ebatziko du epaiketa egingo den ala ez. 

Kideek elkartasuna adierazteko protesta deitu dute epaitegiaren aurrean, eta tentsio uneak bizi izan dira bertan. Ertzaintzak eraikinaren aurreko espaloitik atzera egitera behartu nahi izan ditu langileak, baina hauek uko egin diote. Ondorioz, Brigada Mugikorra agertu da eta gutxienez bi karga egin ditu; horietako batean, protesta egiten ari zen langileetako bat atxilotu egin dute.

"Elkartasuna adieraztea izan da egin duten delitu bakarra. Langileen arteko elkartasuna ez da delitua", adierazi du LAB sindikatuak, langileen deklarazio-hartzearen aurrean plazaratutako oharrean. Halaber, enpresa batzordeak mobilizazio ugari deitu ditu datozen ekainaren 21ean eta 22an, EEEaren epaiketen aurrean.

Martxoaren 25eko piketea

Tubacexeko langileen greba mugagabearen testuinguruan, tentsio handia bizi izan zen martxoaren 25eko piketean. Besteak beste, langileek suzko barrikada bat piztu zuten, eta Ertzaintzaren kargak hainbat zauritu utzi zituen, foam balak eta borrak erabilita. Poliziak, gainera, tanketa bat eraman zuen Ertzaintzak, barrikada mugitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide