Aurtengo Araba Euskaraz ekimena ez da egun bakarrera mugatu, hainbat dira ikasturtean zehar egindako jarduerak, eta ekainaren 20an, jarduera sorta horri itxiera emango diote ibilbiderik eta kontzertu erraldoirik izango ez duen programa batekin. "Hala ere, lan taldeetan, auzolanean eta herriko eragileekin elkarlanean, irudimenaz eta ilusioz, bi gune nagusi prestatu ditugu, batetik, parte-hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duten jarduerekin, eta, bestetik, ikusi edota entzunez gozatzeko ikuskizunekin", azaldu du Aiara Murga Laudio ikastolako lehendakariak.
Adin guztietarako egitaraua prestatu dute, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da, eta edukiera mugatua izango da proposatu diren bi gune handietan.
Herrigunean, Euskararen Plaza prestatu dute. Irekiera ofiziala egingo dute hantxe, Herriko Plazan, 10:00etan; ohi bezala, instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan. 11:00etan, Eidabe taldearen Piztu! EmakumeON energia ikuskizuna aurkeztuko dute, eta arratsaldean dantza emanaldiak eta zunba saioak hartuko dute lekukoa; Laudioko Akelarre, Itxarkundia eta Untzueta dantza taldeen eskutik izango da emanaldia, eta Izaskun del Cerrok gidatuko du zunba. Aldai plazan, halaber, 11:00etatik aurrera 3 kluba, Go!azen izango da, eta arratsaldean, 17:30ean Maider Zabalegi izango da taula gainean.
Parkean, beste alde batetik, Euskararen Basoa izeneko gunea antolatu dute. Kultur etxeko lorategian, goizean goizetik, tailerrak eta jolasak izango dira; bertan herriko Kirikino aisialdi taldeak eta Aiaraldeko Kokoriko hezkuntza faktoriak tailerrak zein jolasgunea eskaintzeaz gain, sukaldaritza ikastaroa ere izango da. Kasinoan, bestalde, ihes gela antolatu dute goizerako, eta karaokea arratsalde parterako. Pergolan, besteak beste, Izar Mendiguren, Manu Bendala eta Oihane Perea bertsolariak arituko dira, 16:00etan, eta ¡Ene bada!, Aiama eta Ane Guriaren txanda izango da ostean. Lamuza frontoian, 10:00etatik aurrera, Arabako herriarteko eskupilota txapelketako finalak jokatuko dira, eta 16:00etan Dekatloia jokatuko dute, euskal kulturan sustraituta dauden euskal joko eta kirolez osatutako topaketa.
Gainera, aurreko ekitaldiekin batera, 41 postuz osatutako azoka ipiniko dute Laudioko institutuko jolastokian.