1971/72 ikasturtean hasi zen bidea egiten Laudio Ikastola. Frankoren diktadura garaian sortutako beste hainbat ikastola bezala, orduko oztopo politiko, legal, ekonomiko eta teknikoei aurre egin behar izan zieten hezkuntza kooperatiba bat sortuz lehen ikasturte hartan ikastolan hasitako 20 ikasleen familiek.
Hasierako urte horiek, 1979/80 ikasturtean gaur egungo egoitza eraiki artekoak, erronkaz beteta egon ziren; urtez urte handituz joan zen ikasle kopurua kokatzeko, irakasleak kontratatzeko edo bideragarritasun ekonomikoa edota babes legal nahikoa bermatzeko.
Sorreratik haren jarduna herri ekimenera lotuta egon da. Adibide bezala, azpimarragarria da Olentzero jaia antolatu zuela lehen aldiz 1972 urtean Laudion.
Sorreratik haren jarduna herri ekimenera lotuta egon da. Adibide bezala, azpimarragarria da Olentzero jaia antolatu zuela lehen aldiz 1972 urtean Laudion, inguruko herrietarako ere euskal kultura ikusgai bihurtzeko erreferente bihurtu zena. Bertako Herriko plazan ikastolaren sostengu ekonomikorako zabaldutako taberna garai hartako beste mugarri bat dute; hain justu ere, orduko baldintzatan euskara eta euskal kultura babestea ardatz zuen egoitza bat herri erdian bultzatzea.
1980/81 ikasturtean lehen promozioak oinarrizko ikasketak amaitu zituen, 1967 urtean jaiotako ikasleek osatuta zegoena; Laudioko institutuan eratutako lehen talde euskaldunean jarraitu zituzten horiek beraien ikasketak. Bestalde, ikasturte berean lortu zuen herriko ikastolak legezko aitortza osoa.
Araba Euskaraz eta uholdeak
Handik gutxira, 1983. urtean, Laudion ospatutako lehen Araba Euskaraz antolatu zuen ikastolak. Udazkenean, urriaren 23an egin zen Arabako ikastolen aldeko festa; urte hartan abuztuan izandako uholdeek herrian utzitako hondamendiari aurre eginez ospatu zuten.
Bitartean, hazkundea etengabea izan zein 80ko hamarkadan, eta 1990/91 ikasturtean, lehen aldiz, OHO ondorengo ikasketei segida emateko BBBko lehenengo maila abiatu zuten. Bi urte beranduago, 1993 urtean, EAEko "Euskal Eskola Publikoaren legeak Ikastola mugimenduan eragindako haustura eman bitartean", eskualdeko gainerako ikastolekin batera, Amurrioko Aresketa eta Aiarako Etxaurren Ikastolekin batera, eskualde mailako Bigarren Hezkuntzarako ikastola, Aiara Lizeoa, eratzeko ekimeneko partaide izan zen ikastola. Azkenean, proiektu horrek aurrera egin ez bazuen ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondorengo ikasketak eskaintzeko asmoari heldu eta gaur egun Batxilergo eskaintza sendoa du ikastolak.
Laudio Txiki
Ikasleen irteera ikasketak DBH eta Batxilergoan finkatzeaz gain, Haur Hezkuntza etaparen garapen integralean ere lan egin zuen, eta 1991/92 ikasturtean Laudio Txiki proiektua abiatu zuen, eta bi urteko umeentzako lehen gelak zabaldu zituzten Ugarteko egoitzan. 2003. urtean, eskaintza zabaldu egin zen. Haur Hezkuntzako lehen ziklo osoaren abiapuntua izan zen urte horretan, 0 eta 1 urteko gelen irekierarekin.
Ordurako, baina, bazegoen eginda ikastolako egoitzaren handitzea. Hain justu ere, 1999. urtean, Lehen Hezkuntzarako alde berria sortu zen eta Bigarren Hezkuntza Ugarteko behin behineko kokapenetik egoitza nagusira eraman zuten ostera ere.
Urte horiek guztietan azpiegitura nahiz hezkuntza arloan hobekuntzak egin diren bitartean, beste hiru Araba Euskaraz ospatu dira Laudion. Bigarrena, 1993. urtean izan zen, Etorkizuna euskaraz lelopean; hirugarrena, 2000. urtean antolatu zuen Laudio Ikastolak, Txikia zainduz handitu! lemapean; eta laugarrena, 2011n, Bagare lelopean. Iaz, halabeharrez egin beharreko geldiunearen ostean, igandean itzuliko da festa herriko plazetara.