Bidaia handi guztietan bezala, urrats txiki batekin hasiera eman zioten apustuari: jantokirako erosketetan, ahalik eta produktu gehien bertoko dendetan erostea. Ondorengo pausua bertoko ekoizleei zuzenean erostea izan zen. Hau da, 0 km. filosofiari eustea. Zenbait marka famatutan ere agertzen hasia da kontzeptua, eta, egiari zor, marketina da gehienetan. Ez da Jose Miguel Atxaren kasua. Bera da ikastolari bertoko barazki ekologikoak eramateaz arduratzen den baserritara, eta, haren ortua, ia-ia ikastolaren parean dago. Autoz, bizpahiru minutu. Google Earth aplikazioaren arabera, 1,04 kilometrora dago.
Kontuan izanda ikastolan egunero 450 menu inguru ematen dituztela, ia ezinezkoa izango litzateke dena bertoko ekoizleetatik jasotzea, baina, esan bezala, norabidea markatuta dago. Ez da jantokian jarri duten erronka bakarra. Hala nahi duten gurasoen kasuan, ikasleei menu begetarianoa ziurtatzeko hautua egin dute ere.
Atxaren ekoizpenak bakarrik ezingo luke ziurtatu astean behin ikastola hornitzeko erronka, eta, horregatik, bera arduratu da inguruko beste zenbait ekoizlerekin sare bat osatzeaz, eta, horrela, ikastolako eskariei erantzuteko moduan daude.
Atxa ez da ohiko baserritara: duela hamar bat urte hasi zen honetan. "2011n langabezian geratu nintzen, eta zerbait guztiz desberdina egitea pentsatu nuen", azaldu du, ortua aurrean duela.
Laudion bizi da Atxa, baina haren gurasoak Altamiran bizi dira, eta bertan okintza lantegi bat dute. Lurra ere ez da berea, koinatuarena baizik. Baina horretan ari da, buru belarri, lurrari fruitua atera nahian. Egun eguzkitsu eta dotore batean, argazki kamera lepoan, autotik atera berri den kazetari kaletarraren begietan, ortuan lan egiteak polita izan behar du. Ez da hala, Josemi? "Polita? Tira, ez pentsa, polita baino, gogorra da. Ni oso pozik sentitzen naiz, baina ortua mantendu beharra dago, eta hori latza da. Hemen ez dago denbora libre askorik".
Ortura sartu da Atxa, haren ahaleginen fruituak erakustera. Negutegira hurbildu eta ateak ireki dizkio. "Orain beroa egiten du, eta tomateek aireztapena behar dute", azaldu du. Dioenez, tomateak dira gehien estimatzen direnak. "Produktu izarra", dio, umorearekin. Baina beste asko ere badira. "Denboraldi berria martxoan hasi da. Letxuga, patata, tipula erremolatxa, kalabazina, babak edo ilarrak". Horietarako guztietarako lurra prestatzea ez da lan makala. Lur sailaren zati bat udazkenean landatzen diren barazkietarako da, hala nola porruetarako edota azaloreetarako.
Azokak eta saskiak
Ikastolari saltzeaz gain, Laudioko azoketan saltzen ditu produktuak. Laudion betidanik ostegunetan egin den azokari orain larunbatetan beste azoka bat gehitu zaio, eta, horietan, zazpi ekoizle inguruk haien produktuak saltzen dituzte. Horrez gain, saskiak banatzen dituzte ere. Onartu du ikastolarekin hasi duten kolaborazioa oso ona dela ekoizle txikientzat, baina kudeatzeko konplexua ere bada, eskari handiak direlako. Hala izanik ere, Atxak ikastolarako produktuak ekoizteko egiten duen ahalegina euskaraz mintzatzeko egiten duen ahaleginaren parekoa bada, argi dago kolaborazio hori oparo bezain goxoa izango dela.