Araba Euskaraz 2021

"Herriari zerbait eskaini behar genion, itxaroten egon gabe"

Juanma Gallego 2021ko eka. 18a, 07:00

Bengoetxeak hezkuntzaren gaineko eztabaida "sakon" bat egiteko beharra ikusten du. ALEA

Ekainaren 20an Araba Euskaraz ospatuko da Laudion, baina ez da ohiko moduan izango. Bengoetxeak babestu du bidea urratzen jarraitu behar dela, are gehiago, erabilera "maila kezkagarrietan" dagoenean. 

Erabateko normaltasunetik ezinezkoa izango da aurten Araba Euskaraz ospatzea, baina horrenbeste urtez mantendu den ekimena nolabait berreskuratzeko ahalegina egin dute Laudio ikastolan. Bertako zuzendari Jon Bengoetxeak (Lekeitio, 1972) euskararen aldeko konpromisoa berresteko ahalegin berezia egin dutela adierazi du. 

Muga askorekin, Araba Euskaraz ospatzera animatu zarete. Zergatik?

Egoera ikusita, gure lehen aukera izan zen ez egitea. Baina eskatu ziguten, eta hausnarketa egin genuen. Bi arrazoi ikusten genituen. Batetik, ez dakigu egoera honek zenbat iraungo duen, eta gizarte bezala ezin gara geratu itxaroten. Kultura dago mahai gainean, eta herriari zerbait eskaini behar genion. Bestetik, ikusi dugu itxialdian euskarak atzerakada handia izan zuela. Ikasle askorentzat, ikastetxeak dira euskaraz hitz egiteko eremu bakarra, eta hori desagertu zenean konturatu ginen arazo bat zegoela. Araba Euskaraz bezalako ekimen batek ere ematen dio nolabaiteko irtenbidea egoera horri.

Zure ustez, datorren urtean berreskuratuko al da ekimena, ohiko moduan?

Ikastolen Elkartean aspalditik irekita dago hausnarketa bat jai ereduaren inguruan. Egoera honek ekarriko du agian hausnarketa horren emaitza azkarrago etortzea. Ez dut uste berdina izango denik. Seguru aski ikasturtean zehar ekintza gehiago hasiko gara ikusten euskararen aldeko jaietan. Eta horietako bat seguruenera potentea izango da, bukaerako egun batean. Baina beti izango da urte baten ibilbidearen bukaera. Formatu txikiagoa izango da. Eta gero eta gehiago familientzako zerbait izango da. Ez dut uste izaera masibo hori berreskuratuko denik; jaiak ez dira izango behintzat txikitan bizi izan genituen bezalakoak. Aldiz, familiei egun osoko aisialdi proposamen bat eskainiko zaie.

Leloak eta logoak zeri egiten diote erreferentzia? 

Zabal bideak leloarekin adierazi nahi dugu ikastola herritik jaio zela, eta herriarentzat izan behar dela. Berreskuratu nahi dugu ikastola ireki hori; bai herriko elkarteei zein hezkuntza berritzaileei, inklusibitateari. Gugana datorren edozeini irekita egon behar da ikastola. Kirol talde bat badatorkigu entrenatzeko leku bila, edo bilerak egiteko… gure esku dagoen guztia egingo dugu hori gauzatu ahal izateko. Logoa ere bide beretik dator.  

Zelan jo zaituzte pandemiak?

Hezkuntza munduarentzat karga itzela izan da. Zuzeneko kontaktura ohituak ginen, gu ez gara online ikastetxe bat. Ekainetik ikastola ireki genuen. Oso argi izan genuen Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte presentziala egin behar genuela. Hezkuntza beharrez gain, familiek ere badute behar asistentzial bat, umeak zaintzeko, eta hori ere kontuan hartu genuen. Bestetik, ikasi dugu ere gauzak modu sinpleagoan eginda agian antzerako emaitza lor dezakegula  [Bideokonferentziak egiteko] Meet-a ezagutzen genuen, baina gutxitan erabiltzen genuen. Eta gaur egun gauza asko hemen geratuko dira. Egia da ere lehenetsi dela osasuna beste gauzen gainetik. Utzi dugu alde batean alderdi emozionala, eta zentratu gara markatu zaizkigun osasun neurrietan. Orain da unea galdetzen hasteko ea eskola baten barruan zergatik ezin den pilotan jolastu. Txertatzera zoazenean ere ez dizute tenperatura hartzen, baina gu oraindik behartuta gaude ikasleei tenperatura hartzera. Hezkuntzan indarrean diren hainbat neurri aldatu behar dira, eguneratu.

Ekainaren 20ra begira, nola antolatu duzue? 

Aldez aurretik izena emanda egin behar izan dugu, edukierak direla-eta. Berdin dio hiru hektareako zelai batean zauden, hor ere edukiera beharrezkoa da oraindik. Ekainaren 20rako, bi gune sortu ditugu. Diseinatu dugun moduan, seme-alabak antzerki bat ikusten egon daitezke, eta gurasoak, alboan, pintxo bat hartzen. Gauza gehiago antolatu nahi genituen, baina oso zaila zen, protokolo eta muga asko daudelako. Baina hasierako ideiari eutsi diogu, hau da, herriari zerbait eskaini nahi izan diogu. 

Nolakoa da gaur egun euskararen egoera Laudion? 

Ni oso eskualde euskaldun batetik nator, Arratiatik. Hona etorri nintzenean, oso mundu erdaldun bat ezagutu nuen. Herri honetan borroka luzea dago oraindik euskararen alde. Euskal Herri osoan arazo nagusiena da agian erabilerarena. Nire jatorriko eskualdean, %70 edo %80 euskalduna izanda, erabilera arazoa baldin bada, hemen are gehiago. Horregatik ikastolek egiten dugun lana hain da beharrezkoa. Baina oso kezkatua gaude, ikusten dugulako atzerapausoak gertatzen ari direla ikasleen artean erabilerari dagokionez. 

Euskararekiko atxikimendua falta da agian? 

Ez dakit atxikimendu kontua den, baina errealitatea da euskararen erabilera txikitzen ari dela. Baina, modu berean, ikusten duzu ere gurera etortzen diren familia gehienak ikasle ohiak direla, eta hor nabari da urte askotan ikastolak egindako lana. Familia horietan, euskaltzaletasuna ikusten da. Lehen erdaldunak ziren familia horietan euskara erabiltzen da gaur egun. 

Pedagogiaren alorrean, apusturen bat egin duzue?

Urteak daramatzagu esaten olatu bat datorrela hezkuntzaren mundura; eraldaketa bat. Gero eta gehiago entzuten dugu konpetentzietan ebaluatu behar dugula, baina ez dakigu hori oso ondo nola gauzatu. Esparrukako irakaskuntza, konfiantzaren pedagogia, kolaborazioan edo proiektuka lan egitea… halakoetan gauzak egiten ari gara, baina oso zaila da hara iristea, ohituta ez gaudelako. Ez gara kapaz ateratzeko betiko ebaluaketatik. Esan bezala, pausuak ematen ari gara. Batez ere, txikietan aldaketa azkarrago ematen ari da, bereziki konfiantzaren pedagogian. Arazo gehiago ditugu Lehen Hezkuntzan.

Hezkuntzarekin esperimentatzeak, halere, zaila izan behar du, ezta? Arduraz egin beharreko kontua da.

Bai, baina ardura hori gure lan esparruan askotan bilakatzen da ezer ez aldatzeko beldurra. Denok argi daukagu gauzak aldatu behar direla, baina ez dugu gure burua prestatuta ikusten. Ikastaroak edo prestakuntza saioak jasota ere, iritsiko da une bat non jauzia egin behar duzun. Gidabaimena eskuratu eta errepidera bakarrik zoazen egun horretan bezala. Gauzak txarto atera daitezke, baina, saiatzen ez bagara, ez dugu jakingo emaitza zein den. 

Joan den asteko ALEAn EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imazek publikoaren alde apustu egiteko eskatzen zuen. Zer uste duzu? 

Nik oso argi daukat ikastolak nondik sortu ziren, eta helburua inoiz ez dela izan dirua ateratzea; publikotasun espiritu hori mantendu dugu. Hortik aurrera, debate sakona egin beharko da hezkuntzaz, baina datu guztiak mahai gainean jarrita, eta gurasoen eskubideak ere tartean daudela kontuan izanda. Ereduaz hitz egin beharko da. Adibidez, guk gure materiala sortzen dugu, eta Euskal Herriaren ikuspuntutik egiten dugu. Hezkuntza publikoak bere arazoak ditu, baina arazo horiek konpontzeko ezin daiteke egon beste batzuei begira.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago