Bideojokoak sortzen ikasi nahi duzu aldez aurreko ezagutzarik gabe?

Erredakzioa 2021ko eka. 11a, 12:30
Bideojokoen Espainiako industriak 1.530 milioi fakturatu zituen 2018an. / PIXABAY

14 urtetik gorako gazteentzako doako tailer bat antolatu dute ekainaren 30ean Amurrion, aldez aurreko ezagutzarik gabe bideojokoak egiten ikasteko.

Amurrio Bidean garapen agentziak eta erakundeek Gasteizko F2P Campusaren bidez bideojokoaren euskal industria sustatzeko bultzatutako Games Academy ekimenak antolatu dute tailerra ekainaren 30ean, asteazkenean, 10:00etatik 14:00etara, Amurrioko El Reforreko instalazioetan.

Tailerraren helburua bideojokoak sortzeko eta garatzeko oinarrizko tresnen erabilera hurbiltzea da, aldez aurreko ezagutzarik gabe eta modu erraz batean. Partaideek lehen mailak, mekanikak eta menuak sortu ahal izango dituzte, oso tresna errazak erabiliz, eta hutsetik hasita joko bat egiteko aukera izango dute; horrela, lehen harreman atsegin eta erraza izango dute bideojokoen munduarekin.

Ikastaroa doakoa da, baina aldez aurretik izena eman beharko da Amurrio Bideanen: 945 89 17 21 telefono zenbakian edo formacion@amurriobidean.org helbide elektronikoan.

Hazten ari den industria

"Jakin-mina eta interesa pizteko da, etxetik ikasten eta bideojokoak egiten jarraitu ahal dezaten, erabiltzen ikasiko duten doako tresnekin. Azken batean, mundu mailan eta gure herrialdean etengabe hazten ari den sektore batean bokazioa piztea da helburua", azaldu du Games Academyk. Bideojoko horiek diseinatzeko eta garatzeko behar diren profilak "askotarikoak" direla eta, beraz, interesa duten gazteek aukera ugari dituztela azpimarratu dute.

2018an, Espainiako estatuan, bideojokoen industriak 1.530 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen; aurreko urtean baino %12 gehiago. Gainera, dagoeneko 6.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide