Laudiok Sanrokeak bertan behera utzi ditu, baina udarako agenda kultural alternatiboa antolatu du

Erredakzioa 2021ko eka. 2a, 18:24
Maite Cortazar Kultura zinegotzia eta Ander Añibarro alkatea. / LAUDIOKO UDALA

Bigarren urtez jarraian, bertan behera gelditu dira Laudioko Sanrokeak eta auzoetako jaiak. Hala ere, KultUDA ekimenak antzerkia, dantza, umorea, musika eta sorpresa ugari eskainiko ditu uztaila, abuztua eta irailean.

Laudioko Udalak Sanrokeak bertan behera utzi behar izan ditu, urtero, abuztuan, kaleak kolorez, alaitasunez, musikaz eta giro onez betetzen dituzten jai tradizional eta maiteak. Covid-19aren pandemiaren bilakaerak datu hobeak ekarri dituen arren, ez 2020ra arte ezagutzen ziren zaindariaren jaiak ospatu ahal izateko bezainbeste.

Horregatik hartu du erabakia Laudioko udal gobernuak, hausnarketa aldi baten ostean eta bigarren urtez jarraian. "Aurten ere ezingo da izan", deitoratu du Ander Añibarro alkateak. "Egungo testuinguruak ez du behar besteko bermerik eskaintzen egun horietan programatu ohi diren eta jende asko biltzen duten ekitaldiak garatzeko. Arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, osasun jarraibideak errespetatuz eta, horrela, kalean dauden talde masiboak saihestuz", azpimarratu du.

Tokiko taldeei laguntzea

Maite Cortazar Kultura eta Jaietako zinegotziak, bere aldetik, azaldu du Sanrokeak eta auzoetako jai guztiak bertan behera uzteak ez duela esan nahi, "inolaz ere", udan zehar udalerrian kultur jarduerak ezabatuko direnik. Hain zuzen ere, iaz, pandemiaren ondorioz, KultUDA izenarekin sortutako ekimena sendotzea da Udalaren asmoa.

KultUDA jardueren agenda kultural bat da, eta dozenaka proposamen biltzen ditu: antzerkia, dantza, umorea, musika eta datozen asteetan argituko diren sorpresa ugari barne. Hori guztia, jakina, agintariek ezarritako osasun neurriak errespetatuz: hala nola, pertsonen arteko distantziak, gel hidroalkoholikoaren eta maskararen erabilera; gainera, ekitaldi guztietan publikoa eserita egongo da, uneoro.

Jarduera horiek guztiak gune publikoetan egingo dira, hala nola Aldai Plazan, Herriko Plazan edo Alberto Aceron. Orain arte bezala, udalerriko jai eragileen parte hartzea eta lankidetza izango dute, eta tokiko talde eta artisten ikusgarritasuna sustatuko da. Hori dela eta, asteartean herriko kultur eta jai eragile nagusiekin bildu zen Udala, herriko zein auzoetako jaiak bertan behera uzteko erabakiaren berri emateko.

Eragile horiek guztiak gonbidatuta daude hurrengo hilabeteetako kultur eta jai agendaren diseinuan parte hartzera gobernu taldearekin batera. "Gure helburua Laudioko auzo guztietan formatu txikiko kultur ekitaldiak antolatzea da", iragarri du Kultura zinegotziak.

Kultuda 2021 kartel lehiaketa

Era berean, Udalak kartel lehiaketaren edizio berri bat antolatuko du, baina gai nagusia Sanrokeak izan beharrean, KultUDA kultur ekitaldien agenda izango da. "Lehiaketaren eta deialdiaren xehetasunak datozen asteetan argitaratuko dira, baina aurreratu dezakeguna da saria herriko dendetan kontsumitzeko bonu bat izango dela", azaldu du Cortazarrek, laudioarrak parte hartzera gonbidatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide