SOS Aiaraldea

Larrialdi deia Aiaraldean, eskualdearen etorkizunerako berme eske

Erredakzioa 2021ko eka. 2a, 13:30

SOS Aiaraldea lelopean, eskualdeko etorkizunaren aldeko mobilizazio egun historikoa antolatu dute gaur. Lau orduko lanuzteez gain, 2.000 lagun elkartu dira Laudioko manifestazioan, eta arratsaldean beste bat egingo dute Amurrion.

Tubacexeko grebak 111 egun bete eta enpresak bere proposamena baztertzeak duen "arriskuaz" ohartarazi duenean, 2.000 lagun baino gehiago atera dira kalera.

Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK eta STEILAS) eta eskualdeko eragile sozialek deituta, besteak beste, Aiaraldeko enpresa batzordeek, gazte mugimenduak, mugimendu feministak, pentsiodunek, merkatari zein ostalariek, hezkuntza zein zerbitzu publikoetako langileek, eta Zabaleko Bizirik plataformak egin dute bat SOS Aiaraldea izeneko fronte zabalak deitutako mobilizazio egunarekin.

Aiaraldea "etorkizunik gabe" geratzen ari dela salatu eta etorkizun hori bermatzeko neurriak eskatu dituzte, eskualdeak bizi duen egoera kezkagarriaren aurrean. Izan ere, enpresa ugariren itxiera, kaleratzeak eta lan baldintzen prekarizazioa eguneroko ogi bihurtu dira, eta testuinguru horretan "eskualdearen aldeko apustu argi eta irmoaren aldeko konpromiso instituzional eza" salatu dute.

Lanuzteak eta bi manifestazio

Fronte zabalaren lehen urratsa eskualde mailako mobilizazio eguna antolatzea izan da, eta "egun historiko" gisa baloratu dute, urrats gehiago prestatu bitartean. Goizean, 10:00etatik 14:00etara lau orduko lanuzteak egin dituzte sektore guztietako enpresetan, saltokietan eta ostalaritzan izan ezik. Izan ere, azken horiek negozioak itxi dituzte manifestaziorako (gauza bera egingo dute arratsaldean), eta protesta bisualak egin dituzte erakusleihoetan.

Horrez gain, egunak bi mobilizazio handi izango ditu: lehen manifestazioa 11:00etan abiatu da Laudioko Herriko Plazatik, eta ehunka pertsona bildu ditu. Arratsaldean, 19:00etan, Amurrioko Juan de Urrutia Plazatik eguneko bigarren manifestazioa irtengo da.

"Aiaraldea larrialdi egoeran dago; defenda dezagun gure etorkizuna", aldarrikatu dute SOS Aiaraldea manifestuan.

Irudiak

Tubacexeko langileen greba, aurrera

Aste honetan, Tubacexeko langileen batzordeak zuzendaritzaren proposamenari uko egin ostean ohartarazi du enpresak grebarekin jarraitzeak Arabako lantegien etorkizuna arriskuan jar dezakeela. Tubacexeko zuzendaritzak adierazi duenez, grebari eusteak "mehatxu larria" egiten die Laudioko eta Amurrioko lantegiei, eta "ondorio itzulezinak" izan ditzake, besteak beste, "merkatuaren egoera ahulagatik".

Gainera, eskaintzari uko egin izanak "harritu" egin duela esan du enpresak, eta adierazi du bezeroen galera eta grebaren kostuak "konponezinak" direla, eta horrela "eskaera berriak lortzea ezinezkoa" dela. Proposamenaren arabera, 2024ra arte enplegua mantenduko litzateke Laudioko eta Amurrioko lantegietan (TTI eta Aceralava, hurrenez hurren), eta hainbat hobekuntza legoke kaleratuen kalte-ordainetan.

Alta, 129 kaleratzeei eutsi die zuzendaritzak, eta hain zuzen hori da proposamenari uko egiteko sindikatuek eman duten arrazoi nagusia. EEEa eta kaleratzeak bertan behera uztea nahitaezko baldintza dela azpimarratu dute langileek. Beraz, enpresari eskatu diote negoziazio aldi bat irekitzeko, "pandemiaren eragin koiunturala leuntzeko neurriak bilatzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide