Laudioko ondarea seinaleztatu dute, informazio panelen bidez

Erredakzioa 2021eko ekainaren 1a

Orain arte, bederatzi puntu seinaleztatu dituzte. LAUDIOKO UDALA

Orotara, Udalak bederatzi informazio panel ekoitzi eta kokatu ditu herriko zenbait toki esanguratsutan. Herritarrei bidea erraztu nahi diete, udalerriko ondarea ezagutu eta interpretatu dezaten.

Laudioko ondare kultural aberatsa herritarrengandik gertuago egongo da hemendik aurrera, zenbait lekutan bederen. Izan ere, Udalak bederatzi panel informatibo ezarri ditu, toki bakoitza testuinguruan kokatzeko. 

Argazkiez eta testuez osatuta, ondare puntu bakoitzaren interpretazio historikoa landu dute paneletan. Ander Añibarro alkatearen hitzetan, ekimenarekin udalerriko biztanleentzat "egokiak diren elementuak" seinalatu nahi dituzte, "batez ere arkitektonikoak, beren ondare interesagatik eta baita identitateagatik ere". 

Hauek dira orain arte seinaleztatutako tokiak: Katuxako jauregi barrokoa; Ugarte dorrea; Anuntzibaiko zubia eta bere multzoa; Lamuzako Done Petri elizpea; San  Joan Astobitzako baseliza; Aretako Santa Ana baseliza eta eliza; San Bartolome baseliza, Larrean; Santa Kruz baseliza, Gardean eta San Antonio santutxo-baseliza, Isusin.

7.078 euro bideratu dituzte seinaletika kanpainarako. Argazkiak, maketazioa eta panelen diseinua Kultura Ondarearen Udal Zerbitzuko teknikarien lanaren emaitza izan dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago