Amurriok lehenbiziko kultura plan estrategikoa izango du

Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 09:30
18.000 euroko aurrekontua izango du planaren idazketak. / AMURRIO ANTZOKIA

Udalerriko lehenbiziko kultura plan estrategikoaren idazketa esleitu du Amurrioko Udalak. Etorkizunerako estrategiak zehaztuko ditu eta sektoreari laguntzeko moduak proposatuko ditu.

Amurrioko Udalak kulturaren aldeko apustua egin nahi du, eta horretarako kultura plan estrategiko baten idazketa esleitu dio Teklak Komunikazio eta Audientzia Estudioari, 18.029 euroko aurrekontuarekin. Epe ertaineko ikuspegia lortu nahi dute, eta, horretarako, kultura arloko ildo estrategikoak eta helburu operatiboak ezarriko dituzte, udal kulturaren panoraman etorkizunerako planteamendu berriei ekin ahal izateko.

Kultura planak helburu orokor zabala du abiapuntu: "Amurrioko herritarren bizi-kalitatea hobetzea, kulturaren eta aisialdiaren bidez", azaldu dute Udaletik. Horri guztiari Amurrioko Udalak 2020an egindako diagnosi lan batetik helduko zaio. Lan horrek oinarri dokumental eta estatistiko bat ekarri du, eta ildo estrategikoak horren gainean gauzatu beharko dira.

Ikerketa eta analisi lan horren ondoren, Udaleko irakaskuntza dispositiboen araberako azterketa sektorizatua egin dute: besteak beste, Arte Eskola, Musika Eskola, Dantza Eskola, Herri Musika Eskola, Udal Liburutegiak, Amurrio Antzokia eta Aiara Dantza Taldea bezalako ekimen komunitarioko beste irakaskuntza elementu batzuk.

Amaierako dokumentuak etorkizunera begira jarduteko estrategiak zehaztuko ditu, "udalerriko herritarrak beti planaren garapenaren erdigunean" jarriz. Lehentasunezko helburuen artean, Amurrioko kultura eta sormen sektoreari balioa ematea bilatuko dute. Horrez gain, sektoreari laguntzeko moduak ikertu eta proposatuko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide