Adinekoen zentroak irekiko dituzte Laudion

Erredakzioa 2021eko maiatzaren 27a

Mahai bakoitzean gehienez lau lagun besterik ez dira egongo. LAUDIOKO UDALA

Urtebete itxita egon ondoren, momentuz %50eko edukiera izango dute, eta ez dute jardun soziokulturalik landuko.

Larunbatetik aurrera, Lamuza eta Doctor Fleming adinekoen zentroek ateak irekiko dituzte berriro. Osasun egoera hobera doan arren, murrizketa batzuk mantenduko dira. Horrela, zentro hauen kasuan, edukiera %50era mugatuko dute, eta, Laudioko Udalak helarazitako ohar baten arabera, bertan ez dute egingo inolako jarduera soziokulturalik. Mahai bakoitzeko lau lagun besterik ez dira egongo, eta sarreran "gel hidroalkoholikoa erabiltzeko betebeharra" ezarri du Udalak. 

COVID-19a dela eta, zentroek urtebete inguru eman dute itxita, baina orain Udalak uste du birusa azaldu aurretik ematen zen zerbitzua berreskuratzeko baldintzak badirela. 11:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 21:00etara irekita egongo dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago