Araba Euskarazen aurtengo edizioak martxa hartuta dauka, apirilaren 30ean ezagututako aurtengo kantaren erritmoa eten ez dadin. Oraingoan, Laudio modu ezberdinean ezagutzeko aukera emango duen orientazio proba prestatu du Laudio Ikastolak, Araba Euskarazeko jarduera programaren baitan. Adin guztietara egokitutako proposamena da, familia giroan zein lagun artean.
Orientazio proba hau ekainaren 6an izango da. Ibilbide bi egongo dira, biak herrigunetik, Aldai plazatik hain zuzen ere, abiatuta. Laburrak, gehienez bost kilometroko luzera izango du, kale artetik gauzatuko da, eta ez du desnibelik izango, hortaz, edozeinek har dezake parte. Luzeak, ordea, hamaika kilometroko luzera eta 320 metroko desnibela izango du.
Jarduera honi buruzko informazio gehiago www.arabaeuskaraz.eus web gunean eskuragarri dago, eta parte hartzeko interesa duenak web horretan izen emate formularioa bete beharko du ekainaren 3a baino lehen. Osasun egoerak ezarritako neurriak errespetatu ahal izateko, besteak beste, txanda ezberdinak (9:30, 10:00, 10:30, 11:00, 11:30 eta 12:00etan) ezarriko dira eta gehienez lauko taldeak izango dira, txanda bakoitzean 50 pertsonako maximoa onartuko delarik.
Orientazioaren bidez balizak topatzea da gakoa. Altxorraren bila antzeko jolasa da. Kasu honetan, partaide/talde bakoitzak egunean bertan jasoko duen mapa baten laguntzaz herrigunean kokatuta dauden ahalik eta kontrolgune (baliza) gehien aurkitzea izango du helburu, ahal den denbora laburrenean. Gehienik jota 3 orduko tartea izango dute. Erabiliko den mapa froga honetarako espresuki diseinaturik dago eta zehaztasun handiz irudikatzen ditu errealitateko detaile txikienak. Parte hartzaile bakoitzak erabakiko du zein kontrol puntutik (balizatik) pasa eta batetik bestera joateko biderik azkarrena eta egokiena ere.