Gorobel mendilerroan bi zentral eoliko eraiki nahi dituzte

Erredakzioa 2021eko apirilaren 28a

San Migelgo ur-jauzia zentral eolikoarekin irudikatu dute. @MESAEOLICA

Iberdrolak Gorobel mendilerroko Burgosko zatian 'Pico del Fraile' eta 'Llorengoz' izeneko parke eolikoak jartzeko baimen administratiboak eskatu ditu.

Gaztela eta Leongo Junta Gorobel mendilerroko Burgosko zatian bi zentral eoliko egiteko proiektua aztertzen ari da. 'Pico del Fraile' izenekoak 10 aerosorgailu izango lituzke Angulo mendatetik hasita, Carbonilla mendilerroan barrena, Artziniega gainean. 'Llorengoz' izenekoan, berriz, Tologorri, Mojon Alto eta Kobata inguruan, 11 aerosorgailu kokatu nahi dituzte.

Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak ohartarazi du Burgos eta Araba arteko mendietan jarri nahi dituzten zentral eolikoen arriskuez, eta gogoratu du Gorobel mendilerroaren biodibertsitatea hondatzea ekarriko lukeela dorre eolikoen eraikuntzak.

Hegaztien Babes Eremua

Izan ere, 2015. urtetik Hegaztien Babes Berebiziko Eremua da Gorobel mendilerroa, eta Natura 2000 Europako Sare Ekologikoaren barruan dago. Gorobelen hegaztien 121 espezie ezberdin daude, eta horietatik 116 espeziek habiak jartzen dituzte mendi hauetan. Horrek esan nahi du Iberiar Penintsulako hegazti habiagileen erdia eta kontinenteko laurdena daudela bertan. Horregatik, eremu hori Europako aberastasun ornitologiko handienetakoa duen ingurua da.

Halaber, Gorobel mendilerroa Urduñako eta Aiarako eremu natural esanguratsuenetako bat da. Mendilerroa Anguloko mendatetik Nerbioiko ur-jauziraino zabaltzen da, eta Txarlazo edo Praileburu tontorra bezalako toki enblematikoak hartzen ditu. Araba, Burgos eta Bizkaia artean banatzen dira mendilerroko lurrak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago