Nahia Seijas amurrioarrak irabazi du CAF-Elhuyar saria

Erredakzioa 2021ko api. 27a, 19:00
Nahia Seijas geologoak laborategien gaineko hausnarketa egin du. / ALEA

Dibulgazio artikulu orokorraren alorrean jaso du aitortza, Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen izeneko artikuluagatik.

Nahia Seijas geologoak eskuratu du aurtengo CAF-Elhuyar saria, dibulgazio artikuluen alorrean. Biologiaren eta geologiaren historian zehar laborategiek izan duten bilakaera izan du hizpide artikuluan, Ilustrazioaren garaiko bitxikerien kabineteetatik hasita eta gaur egungo laborategietara arte. Oraindik ere aspaldiko kabinete horien eskema hertsietara mugatuta ez ote gauden hausnartzen du Seijasek.

 

"Egileak gaiari osotasunez begiratzen diola, eta historiaren historia modu atsegin eta erakargarrian kontatzen duela" nabarmendu du epaimahaiak, Elhuyarrek zabaldutako ohar baten arabera. Modu berean, kazetaritzaren ikuspegitik "artikuluaren haria ondo josia" dagoela nabarmendu dute.

 

"Ezagutza da txertoa" lelopean, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan banatu dituzte sariak. Beste kategorietan, hauek izan dira sarituak: Ainara Sangroniz, doktoretza tesian oinarritutako dibulgazio artikuluagatik; Iñaki Sanz Azkue, zientzia kazetaritzaren arloan; eta Asier Alvite, Neiker sarian. Bestetik, Jon Urzelaik eta Helene Sanchezek aipamen berezia izan dute, hurrenez hurren, Kazetaritzako eta Lehen sektoreko kategorietan. Aukeratutakoek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jaso dituzte.

 

Sorkuntzari bideratutako beketan, Itxaso Navarrok, Ander Gortazarrek eta Jacek Markusiewiczek jaso dituzte laguntzak. Azkenik, Jabier Agirre Lasarte medikuarentzat izan da Elhuyar Merezimendu saria, euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan egindako lanagatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide