Ostiralean eskainitako prentsaurreko jendetsu batean Laudioko Mugimendu Feministak jakitera eman zuenez, Laudioko Udalak 3.000 euroko isunarekin zigortu ditu hainbat kide, Martxoaren 8ko aurreko egunean jarritako kartel batengatik.
"Ez da kasualitatea Udalak hartu duen erabaki hau; izan ere, azken urteetan lar agerikoak izan dira gure jardun militantearen kontrako erabaki eta jarrerak", kritikatu dute Laudioko emakumeek. "Bidea egiten eta militantzia politikoan berresten jarraituko dugu".
Beste hainbat eragilek ere elkartasuna eta babes mezuak helarazi dizkiete Laudoko mugimendu feministari: "Badakigu Laudioko Udala ez dela feminista, baina ez dugu onartuko militantzia politikoa zigortu eta kriminalizatzeko eraso hau", adierazi du Amurrioko neska gazte feministen Otsemeak taldea. "Gaur atzo bezala argi diogu: militantzia kriminalizatu eta zigortu nahi dutenen aurrean antolakuntza", idatzi du Aiaraldeko Ernaik.