Artziniegako Santxotena Museoan, ekainaren 20ra arte zabalik dagoen Emakumea Meatzaritzan erakusketak Artziniegako Udalaren eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren babesa du.
Bertan laburbiltzen dira Bizkaiko Gallartako aire libreko meatzeetan emakumezkoek egin zituzten lanak. "Ez dago, emakume langile hauen inguruko informaziorik. Betoa jarri ziguten eta existituko ez bagina bezala tratatu gaituzte. Hala ere, oso errotuta geunden meatzaritzaren munduan", azaldu du Lafraguak.
Lan ugaritan jardun ziren emakumezkoak, eta ofizio horiek guztiak irudikatu ditu Lafraguak emakumezko artisauei agindutako material desberdinetako irudietan. "Erakusketa hau emakumeei eskaintzeaz gain, emakumeen eskuetatik eginda dago", azpimarratu du.
Irudietan jasotzen dira dinamita fabrikan kartutxoak egiten zituztenak. "Emakume horiek egunean 1.200 edo 1.500 kartutxo egin behar zituzten. Astakeria bat! Are gehiago, amaitzen ez bazuten, etxera eraman behar zituzten kartutxoak. Eguzkitik eguzkira lan egiten zuten", azaldu du.
Zirgariek, soka luze batetik tiraka mineralez betetako ontziak ertzera edo ibaian gora mugitzen zituzten
Harria ur hotzetan garbitzen zuten emakumeak ere irudikatu ditu Lafraguak. "Horretan lan egiten zuten asko eta asko –azaldu du– gerrako alargunak ziren; bost edo sei seme-alabarekin geratzen ziren eta inork ez zituen lanerako hartzen".
Harria txikitzen zuten emakumezkoak ere agertzen dira, meatzearen ahoan lan egiten. "Teilape zikin baten azpian egiten zuten lan. Minerala dinamitatzean sortzen ziren harri handiak txikitu behar zituzten, pikotx batekin. Ez dago haien inguruko informaziorik, baina destajuan lan egingo zutela sumatu daiteke".
Lanbiderik okerrena, ordea, mandoen lana egiten zuten emakumeena zen, buruaren gainean jartzen zuten kapazoetan harriak eramaten zituzten batzuk; besteek, zirgariek, soka luze batetik tiraka mineralez betetako ontziak ertzera edo ibaian gora mugitzen zituzten. "Gizartearen zaborra zirela esaten zuten, eta kalean iraintzen zituzten, zikin joaten zirelako".