Kaleratzeen kontrako martxa abiatu dute Tubacexeko langileek, Amurriotik Gasteizera

Erredakzioa 2021ko api. 15a, 14:15
Tubacexeko lankide batzuek martxa egingo dute Amurriotik Gasteizera. / @Tubace_xen

Greba mugagabearen 64. egunean, Gasteizeraino iritsiko den martxari ekin diote Tubacexeko langileek. Ostiral goizean iritsiko dira, eta Eusko Legebiltzarrera eramango dute gauzatutako 129 kaleratzeen aurkako protesta.

Ostegun honetan, Tubacexeko zuzendaritzak 129 langileren kaleratze kolektiboa gauzatu du: nahitaezko 95 kaleratze, 22 pizgarridun baja eta hamabi aurre-erretiro izan dira.

Egun berean, greba mugagabean dagoen plantillako 70 bat langilek enpleguaren aldeko martxa bat abiatu dute Amurrioko lantegitik Gasteizeraino. Ostegun arratsaldean Murgian geldituko dira, eta, ondoren, Gopegira abiatuko dira, bertako kiroldegian gaua igarotzeko.

Arabako hiriburura ostiralean ailegatuko dira, eta, gainontzeko grebalariekin eta Aernnovako langileekin batera, kaleratzeen kontrako protesta eramango dute Eusko Legebiltzarrera, 9:00etan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak EH Bilduren galdera bati erantzun beharko dio Tubacexen inguruan.

Greba mugagabea, aurrera

Une erabakigarria iritsi da Tubacexera, eta zuzendaritzak badaki. Izan ere, sindikatuek salatu dutenez, langileei banan-banan deitzen ari da enpresa, lanera joan daitezen.

Horren aurrean, enpresa batzordeak kalean geldituko diren lankideei babesa emateko deia zabaldu du, greba mugagabea eten ez dadin. "Denok gaude itsasontzi berean eta helburu berarekin: lanera itzultzea kaleratze traumatikorik gabe", azpimarratu dute. Gainera, deiak grabatzeko gomendatu die lankideei, telefonoaren bestaldeko solaskidea informatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide