FELIX MUGURUTZA

"Euskal kultura oso aberatsa da, baina monolitikoa egin dugu"

Juanma Gallego 2021ko api. 16a, 06:00
Euskal Herriko ohiturak eta toponimia ikertzen ditu Felix Mugurutzak. / ALEA

Laudioko Berbak izeneko liburuan bildu ditu Felix Mugurutzak herrian tradizioa izan duten hitzak, baina egitasmo zabalago baten lehen emaitza besterik ez da. Ez da oraingo kontua: artean gaztetxoa zela hasi zen ondarea ikertzen, eta galtzear den mundu ikuskera baten azken aztarnak jasotzera bideratu du bizitza.

Urteak daramatza Euskal Herriko ondare immateriala ikertzen Felix Mugurutza (Laudio, 1965) filologo eta etnografoak, eta batez ere toponimiaren alorrean egin ditu ikerketa gehien. Ez omen du presarik bildutako ezagutzei buruz idazteko, orain, benetako premia, betiko galtzear dauden testigantzak jasotzea dela uste duelako. Gainera, lan hori patxadaz egin behar dela babesten du, bestela, informazio asko jasotzeke geratuko litzatekeelako.   

'Laudioko Berbak' izeneko liburua idatzi duzu, bertako hitzak jorratuz. 300 inguru horietatik, aukeratu bat.

Koipetsu, adibidez. Urdai erreari esateko hitz bat. Hori kontatu zidan gizona erdalduna zen, baina sorginei buruzko kontakizun batean hitz hori aipatzen zuen. Haien haitzulotik ateratzen zirenean, sorginak beti ari omen ziren koipetsu eskatzen, hori jan nahi zutela eta.

Bilduma baten lehen liburua omen da, Laudioko Udalaren arabera. Jarraitzeko asmorik bai?

Bai, orain bigarren liburua lantzen ari naiz. Abenduan aterako dugu, eta Laudio inguruetako herri ohiturak eta geratzen diren kondaira apurrak jasoko ditugu bertan. Azken finean, hau da etorri zaigun ondarearen akta notarial bat egitearen parekoa. Hori guztia galduko da, berehala gainera, gure bizimodua desberdina delako eta komunikazio sistemak ere zeharo aldatu direlako.

Suposatzen dut aurretik jasotako material asko jasota izango duzula, ezta?

Bai, gehiena aurretik jasota dago. Eskerrak. Kontuan izan jende asko hil egin dela. Orain informatzaile onak badira, baina gehienak oso modernoak dira. Zaharrak dira, bai, baina ez dute bizi giro berdinean. Adibidez, gure aitak 87 urte ditu, baina beti lantegi batean lan egin du, pisu batean bizi da eta baserria ahaztu du... horregatik diot informatzaile modernoak direla. Oraintxe bertan pasa berri didate ohar bat esanez emakume bat hil dela... bada, andre hori jentilak ikusi zituen azkena izan zen.

"Idaztean, beste hizkuntzei ematen zaien errespetu berdina eman behar diogu euskarari".

Jentilak ikusi al zituen ba?

Bai, berak hala zioen. Orozkoko emakume bat zen, eta sinetsita zegoen jentilak ikusi zituela, non eta Laudioko jaietan gainera! "Baina jendeak nolatan ba ez ditu bideoz grabatzen", esaten zidan. Mundiala zen! Seguruenera ikusiko zituen jaietan zebiltzan mutikote batzuk, handiak eta ibilkera arraroarekin, eta jentiltzat hartu zituen, berak sinesmen hori jaso eta bizi izan zuelako. Mundu ikuskera baten azken aztarnak dira horiek.

Andre hori liburu bat balitz, liburu hori betiko galdu dugu, eta jasotako aipu batzuk baino ez ditugu...

Hain justu. Horregatik, orain gure premia ez da horrenbeste ikertzea ikuspuntu akademiko sakon batetik, informazio hori guztia jasotzea baizik. Artxiboetan dagoena etorkizunean ere mantenduko da, baina ez da berdina gertatuko jende horrek esateko duenarekin. Abestiak, sinesmenak, bizitza nola interpretatzen zuten... hori guztia joaten ari zaigu, iraultza kultural izugarri baten erdian gaudelako.

Nondik datorkizu halakoak ikertzeko grina?

13 urterekin mendira igotzen hasi nintzen, Laudioko mendi taldeko txangoetan. Euskal Herria ezagutzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen euskara ez nekiela, jendeari galdetzeko eta kultura horretan sakontzeko. Unibertso oso bat ireki zitzaidan, eta oso adiktiboa izan zen niretzat. Tira, droga da pringatuentzat. Satisfazio gehiago emango dizun drogarik ez dago! Horrek, gainera, bizitza markatu dit. Orain dudan lanbidea [Laudioko euskara teknikari gisa] ere horri zor diot. Mendira joateaz gain, lehen ikerketak egiten hasi ginen. Mendira joan, txabolak neurtu, artzainekin hitz egin... egia esanda, metodorik ez genuen, baina bai gogo asko. 

Beste leku askotan ez bezala, Euskal Herrian kulturak eta hizkuntzak lotura estua dute...

Horregatik oso garrantzitsua da, adibidez, toponimia jasotzea. Toponimo batean ez dago soilik soinu konkatenazio bat; hor informazio asko dago. Are gehiago, esango nuke toponimoak direla iraganeko koordenada geografikoak. Bestetik, munduaren interpretazioa jasotzen dute; zeri ematen zioten garrantzia. Informazio historikoa ere ematen dute, eta baliatu izan dira, adibidez, gaztelu bat non zegoen jakiteko. Bestalde, oso identitarioa da, garai guztietatik etorri zaigun ondarea da, gurea egiten duguna. Baina berez ez dira existitzen, guztion buruan dagoen zerbait besterik ez dira toponimoak.

Historiari buruzko edozein teoria babesteko ere erabili izan dira askotan, ezta?

Bai, oso manipulagarriak dira. Eta oso popularrak, guztion esku izanda, guztiok izan dezakegulako iritzi bat. Niri gertatu zait: nonbaitera joan toponimia jasotzera eta bertako batzuk minduta sentitu dira, euren jabetzakoa direla uste dutelako.

Euskalduntze berantiarraren teoria babesteko, adibidez, lagungarriak izan al daiteke?

Kontrakoa. Teoria hori babes liteke antroponimiaren bitartez, hilerrietan agertzen diren izenen bitartez... baina toponimiaren ikuspuntutik ez dago mantentzerik. Euskara hona VI. mendean etorri izan balitz, Arabako Luku herriaren izena ez zen horrela mantenduko, Luko baizik. Edo Bizkaiko Forua bigarren menderako Foro izango zen... ba ez, euskaraz mantendu da. Dokumental famatu batean teoria babestu zuen Alberto Santana historialariaren lagun mina naiz, baina nire ustez gehiegi arriskatu zen, eta kriston txolopote batean sartu zen. Ez dago argudiorik teoria hori defendatzeko, kontrakoa babesteko ez dugun bezala. Nik, bederen, uste dut VI. mendea baino lehen hemen euskaraz hitz egiten zela.

Polemikekin jarraitzearren, Laudion sorgina erretzeari utzi diote. Ez al gara gauzak gehiegi eztitzen ari?

Beste adibideren bat jarriko bazenu, baliteke. Baina, Laudioko sorginaren kasuan, niri berdin dit. Izan ere, asmakizun modernoa da, eta nik neuk parte hartu nuen horren eraketan. Laudion oilar bat ateratzen zen, eta gero umeek hiltzen zuten. Tira, gaur egun ez legoke ondo ikusita animalia bat hiltzea. Sorginaren kasuan, gazte ginenean ihauteriak berreskuratu genituen, eta kanpotik pertsonaia bat ekarri genuen. Tira, garai horretan oilar bat ez zitzaigun nahikoa iruditzen, beste zerbait potenteagoa behar genuen. Baina niri orain min gehien ematen didana da oilar horrena ez dakigula Laudion. Eskola eta ikastola guztietan irakasten da behin Ataunen jaso zutena. Azken finean, euskal kultura monolitiko bat egin dugu, baina gure kultura askoz aberatsagoa bada.  

Mitologia batua sortu dugu, orduan?

Bai, euskal kultura batua sortu gauza guztietarako. Eta horrek pena ematen dit: gure mitoak baztertzen ditugu, eta, aldiz, kanpotik etorri zaizkigun batzuk aitortzen ditugu; benetakotasun kutsua ematen diegu, eta, gezur horretan oinarrituta, eskoletan eta abarretan lantzen ditugu. Orain dena da Mari jainkosa eta antzekoak... baina hemen horrelakorik ez dugu.

Antzeko zerbait idatzi zenuen behin Olentzerori buruz. Hori ez al da gurea?

Orain daukagun Olentzero hori ez da inoiz existitu, asmatu dugun gezurrezko mito bat da. Herri gehienetan, pertsonaia gaiztoa zen, uxatu beharrekoa, igitai batekin zebilelako umeak mehatxatzen. Gabonetan tximinia ixten zitzaion, sar ez zedin. Herri batzuetan, erre egiten zuten. Baina orain guztiz maitagarria da. Gutuna bidaltzen zaio eta opariak ekartzen ditu. Dena merkatuari begira prestatu da, inguruan dirua dagoelako. Mari Domingi jarri diogu, eta pipa ere kendu diogu, erretzerik ez dagoelako. Zoratuta gaude. 

Benetako Olentzero enbor bat zela babesten duzu. Kontaidazu hori.

Hemen, betiko tradizioa izan da Gabonetan enbor bat erretzea. Egur zati bat jaso eta etxean erre, urteko su berria pizteko. Ondo legoke hori berreskuratzea, Gabonetan jaiotzak jartzen diren modu berdinean, horri protagonismo pixka bat ematea. Gainera, naturarekiko harreman hori lantzea oso pedagogikoa litzateke, umeei begira.

Juanjo Hidalgo arkeologoarekin batera, AVNIA aldizkaria landu zenuten. Noizko halako beste bat Euskal Herrian?

Hasieratik esan genuen hamar urteko proiektua zela, eta horixe egin genuen. Goreneko puntuan geundela itxi genuen aldizkaria. Xelebreena da jendeak uste zuela atzean talde editorial indartsu bat egon behar zela. Tira, hasieran hilean 150 euroko kuota jartzen genuen, gure poltsikotik, aldizkaria ordaindu ahal izateko. Amaieran kolaboratzaileei zerbait ordaintzeko moduan egon ginen, bederen. Oso lan gogorra izan zen, eta neketsua, baina asko aberastu gintuen. Ez dirutan noski, ezagutzan eta kontaktuetan baizik. Proiektu sinpatikoa zenez, eta atzean kokolo pare bat geundenez, jende askok lagundu gintuen. Xabi Otero edo Santi Yañiz bezalako argazkilariek haien argazkiak doan ematen zizkiguten. "Zelako friki bi", pentsatuko zuten. Eta, halere, 1.300 harpide genituen, eta zenbait doktoretza tesitan aldizkariaren edukia iturri gisa agertzen da.

Harrobirik al dago etnografian?

Nik, zorionez, bizitza konponduta daukat, baina argi daukat etnografia patxadaz eta lanbide izan gabe landu behar dela. Ogibidea denean, arriskua da gauzak azkar egin behar dituzula, eta emaitzak azkar entregatu. Bestela, ezin duzu kobratu, eta ezin duzu jan. Gauza gehienak ez dira ateratzen galdetegien bitartez, jendearekin lasai asko hitz egiten baizik.

Euskaltzaina zara. Nolakoa da bertako bilera bat?

Oso aspergarria... kar-kar! Lan pila bat egin behar duzu, doan. Ikertu, agiriak egin... igande arratsalde batean jende guztia Whatsapp bidez gauzak bidaltzen... itota. Gero jendeak esango dizu "Oker bat dago hemen". Nolatan ba ez da egongo! Zer dakit nik Nafarroako toponimiaz? Baina egin behar duzu, ez dagoelako hori egingo duen jenderik. Zenbaitetan, gauzak inprobisatu behar dira. Hor dauden adituak beatifikatzeko modukoak dira. Baliabide gutxirekin asko egiten da.

"Baliabide gutxirekin, lan asko egiten da Euskaltzaindian; Beatifikatzeko modukoa".

Gasteizko Araneko euskaltzaleek zioten nahikoa lana zutela euskara bultzatzearekin, Aranako jaiak beharrean Araneko jarri behar zela jendeari azaltzen hasteko...

Egia da deklinatzea marroi bat dela. Nik neuk askotan kontsultatu behar dut, ezinezkoa delako Euskal Herriko izen guztiak jakitea. Getariako ala Getariko? Hizkuntza erromantzeek latinaren aurrean izan zuten abantaila izan zen ez zirela deklinatu behar.

Eta, horretan, Euskaltzaindiak arautu behar du, ala herri hizkerari lekua eman?

Munduko akademia guztiak beti izan behar dira kontserbadoreak. Gero, denboraren poderioz, aldaketa ezinbestekoa denean, orduan onartu beharko da. Baina, adibidez, niri ez zait gustatzen Elorrixoko eta horrelakoak irakurtzea.

Egia da askotan zerbait earra dela irakurtzen dela, baina inoiz ez dut irakurri Me paice precioso...

Hala da. Askotan ematen du euskararekin oso tratu popularra dugula, baina gaztelaniari ez diogu tratu bera ematen; errespetatzen dugu. Euskaraz, berriz, badirudi gero eta txarrago idatzi, orduan eta popularragoa dela. Hitz egin nahi duzun moduan, baina, mesedez, idatzi ederra. Gaztela-Mantxan ez lukete inoiz idatziko Cajtilla, bertako guztiek horrela ahoskatzen duten arren. Beste hizkuntza guztiei ematen diegun errespetu berdina edo handiagoa eman behar diogu euskarari. Hori besterik ez dut eskatzen! 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide