Suzko barrikada Tubacexen, 129 kaleratzeak gauzatuko diren egunaren bezperan

Erredakzioa 2021eko apirilaren 14a

Suzko barrikada Tubacexek Amurrion duen fabrikaren sarreran. / LAB AIARA

Ostegun honetan gauzatuko dira 129 kaleratzeak. Bezperan, greba mugagabearen 63. egunean, pikete masiboa deitu eta suzko barrikada bat piztu dute Tubacexeko langileek Amurrioko lantegiko sarreran.

Eguna iristear da: Tubacexeko zuzendaritzak iragarritako 129 kaleratzeak gauzatuko ditu ostegunean, apirilaren 15ean. Bitartean, langileek 63 egun bete dituzte greba mugagabean, eta gaur pikete masiboa —bi lantegietako langile guztiekin— deitu dute Amurrioko lantegian. Fabrikako sarreran suzko barrikada bat piztu dute, zuzendaritzaren autobusari bidea oztopatzeko.

Aldi berean, zuzendaritzaren autobusak Laudioko lantegian sartu dira, arazo handirik gabe baina poliziaren presentzia handiarekin.

Beraz, biharko eguna erabakigarria izango da Aiaraldeak bizi duen lan gatazka gogorrean. Tubacexeko zuzendaritzak badaki eta, sindikatuek salatu dutenez, langileei banan-banan deitzen ari da lanera joan daitezen.

Horren aurrean, enpresa batzordeak kalean geldituko diren lankideei babesa emateko deia zabaldu du plantillaren artean, greba mugagabea eten ez dadin. "Denok gaude itsasontzi berean eta helburu berarekin: lanera itzultzea kaleratze traumatikorik gabe", azpimarratu dute. Gainera, deiak grabatzeko gomendatu die lankideei, telefonoaren bestaldeko solaskidea informatuz.

Greba mugagabearen 63. egunaren jarraipena egiten ari da AIARALDEA hedabidea. Xehetasun gehiago topatuko dituzue hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago