Mintegietako karobiak aurretiko distira berreskuratu du

Erredakzioa 2021eko apirilaren 13a

Mintegietako karobiak itxura berria du. / ONDARE BABESA

Laudioko Isasi auzoan kokatutako karobia zaharberritzeko lanak amaitu dituzte. 1950. urtera arte erabilia izan zen egitura, eta Udalaren jabetzakoa da orain. 

Mintegietako karobiak itxura berria du dagoeneko. Esku-hartzea labearen ahoaren aurrean dagoen biltegian zentratu da, egonkortasunaren aldetik egoera kaxkarrean zegoelako. Karobiaren hodian, berriz, konponketa gutxi egin behar izan dituzte, lanen kontrol arkeologikoaz arduratu den Ondare Babesa enpresaren arabera. Diotenez, zegoena kontserbatzera mugatu dira.

Laudioko Udalarena da orain karobia, eta udalerriko ezaugarri etnografiko garrantzitsua da. Eraikinaren egoera kaskarra ikusita, iaz leheneratze lanei ekitea erabaki zuen Udalak, eta horretarako 32.390 euro bideratu zituen. Otsailean, berriz, lanen gaineko kontrol arkeologikoa iragarri zuten.

Frantses tankerako karobia da, beste batzuk baino modernoagoa. Eredu horretan, kareharria eta erregaia geruzetan tartekatzen zen, karea lortzeko. Gutxi gorabehera, 1950. urtera arte egon zen bertan lanean Lazaro Eskuza laudioarra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago