Arroparen "kontsumo kritikoa" egiteko dei egin dute

Erredakzioa 2021ko api. 9a, 10:35
Ehungintzaren industriak dituen gabeziak azaleratu nahi dituzte. / SETEM

SETEM Hego Haizea erakundeak moda azkarrak dakartzan ondorioak jorratuko ditu Amurrioko kultur etxean. Ehungintzaren alorrean izan den hondamenik handienaren 8. urtemugaren bueltan egingo dute ekimena. 

SETEM Hego Haizea gobernuz kanpoko erakundeak arroparen kontsumoari buruzko tailer bat antolatu du Amurrion. Apirilaren 20an jarri dute hitzordua, arratsaldeko seietatik zortzietara, herriko kultur etxean. Amurrioko Berdintasun Sailarekin batera antolatu dute Zer ezkutatzen da zure arroparen etiketen atzean? izeneko ikastaroa.

Erakundeak zabaldutako ohar baten arabera, "haritik tira egin eta etiketaren atzetik begiratzeko gonbidapena" da egiten duten proposamena. "Arroparen kontsumoarekin lotutako inplikazioak birpasatu eta eraldatu" nahi dituzte antolatzaileek. Besteak beste, "estereotipo eskuraezinen ezarpena" edota ehungintzaren alorreko manufakturetan dauden "esplotazio baldintzak" jorratuko dituzte. 

Erakundeak Fast Fashion edo moda azkarraren inpaktuak azalerazi nahi ditu. Gehien zabalduta dagoen eredu horren ordez, kutsadura eta esplotazioa ahalik eta gehien gutxituko dituen "arropa kontsumo kritikoa" sustatu nahi dute. 

Bangladeshko Rana Plaza eraikina bertan behera erori eta zortzi urtera antolatu dute ekimena, eta data hori gogorarazi nahi izan dute. Izan ere, hilaren 24an zortzi urte beteko dira ehungintzaren historian gertatu den hondamenik handiena jazo zenetik. Ezbehar horretan 1.138 langile hil ziren, eta 2.000 zauritu baino gehiago egon ziren. 

Ikastaroan parte hartzea doakoa izanik ere, izena eman behar da berdintasuna@amurrio.org posta elektronikora idatziz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide