Bertan behera utzi dituzte Amurrioko San Prudentzioak

Erredakzioa 2021eko apirilaren 8a

Aurten ez da ospakizunik egongo Amurrioko kaleetan. / AIARALDEA.EUS

Jende pilaketak ekiditeko eskatu du Udalak, eta, horregatik, ohiko danborrada eta kaleko bazkariak bertan behera uztea erabaki du. Megafonia bitartez zabalduko dute danborradaren soinua eta musika. 

Aurten ez da San Prudentziorik ospatuko Amurrion. Ez behintzat, ohiko moduan. Bigarren aldiz, pandemia dela eta, ospakizunak bertan behera uztea erabaki du Udalak. Ez da, beraz, danborradarik izango, ezta janari herrikoirik ere. "Erantzukizun kolektiboa" argudiatu du Udalak ospakizun guztiak bertan behera uzteko.     

"Jende pilaketak ahalik eta gehien ekidin behar ditugu, gure udalerrian izaten ari den kasuen eragin txikiari eusteko", azaldu du, prentsa ohar baten bitartez,  Txerra Molinuevo alkateak.

Jaiegunaren bezperan, apirilaren 27an, danborradaren soinua jarriko dute kaleko megafoniaren bitartez, eta San Prudentzio eguneko goizean zehar musika zabalduko dute. 

Arabako ospakizunei dagokienez, ostiral honetan aurkeztuko ditu Aldundiak urte honetarako dituen planak. Oionen kasuan, udalak oraindik ez du iragarri zer egingo duten. Amurrion bezala, iaz Oionen balkoietatik egin behar izan zuten danborrada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago