Laudioko kaleak bete dituzte, Tubaxeceko kaleratzeen aurka eta enpleguaren alde

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 14:00
Ehunka herritar bildu ditu enpresa batzordeek deitutako manifestazioak. / LAB AIARA

Tubacexeko negoziazioak 129 lanposturen suntsiketarekin itxi ostean, Aiaraldeko enpresa batzordeek enpleguaren alde Laudion deitutako manifestazioak ehunka herritar bildu ditu astelehen honetan.

Joan den astean, Tubacexeko zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi zien EEEak Laudio (TTI) eta Amurrioko (Aceralava) lantegietako 129 pertsonari eragingo diela azkenean: horietatik, 95 nahitaezko kaleratzeak izango dira, 12 aurre-erretiroak eta 22 pizgarridun bajak.

Hasiera batean, zuzendaritzak 150 kaleratze proposatu zituen; ondoren, kopuru hori 136ra jaitsi zuen; egunotan, behin betiko kopuru hori aldatzen joan da, borondatezko pizgarridun baja gehiago adostu direlako. Hala ere, plan horietara heltzeko epea astelehen honetan amaituko dira.

Negoziazioek ez dute akordiorik ekarri, eta, beraz, enpresak laster ezarriko du espedientea. Bitartean, langileek greba mugagabean jarraitzen dute, eta dagoeneko 40 egun bete dituzte. Kaleratzerik onartuko ez dutela berretsi dute azken egunetan, eta, gainera, lanuzte eta mobilizazioekin batera, epaitegietan aurkaratuko dute EEEa.

Era berean, Tubacexeko langileen borrokaren eskakizun nagusietako bat erakundeen inplikazioa da bereziki Eusko Jaurlaritzarena, Aiaraldeko enplegua eta etorkizuna defendatzeko. Ildo horretan, astelehen honetan, ehunka herritarrek manifestazioa egin dute Laudion, eskualde osoko zein kanpoko enpresa batzordeek deituta. Laudioko Tubacexetik abiatu dira herriko plazaraino.

Honako hauek dira manifestaziora deitu duten enpresa batzordeak: Autoglas OPCO Laudio, Guardian Llodio, Amurrio Ferrocarril y Equipos, Envases, Imegar, Amurrioko eta Laudioko udaletako enpresa batzordeak, Berriak Supermerkatuak, Maderas de Llodio, Jauregui Muntaketa Mekanikoak, Inauxa, Deguisa, Jez, Vidrala - Aiala Vidrio, Tubos Reunidos, ITP - PCB eta Laudio Ikastola.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide