EUKALIPTOAK

"Horrela jarraituz gero, ez diegu basorik utziko hurrengo belaunaldiei"

Juanma Gallego 2021ko mar. 21a, 08:00

Bizkaiko basoetan gertatzen ari dena Araban errepikatzea ekidin nahi dute Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kideek: basoak dibertsifikatu beharrean, pinuen ordez eukaliptoak landatzen ari dira, monolaborantza mantenduta. Mario Corral kideak eman ditu xehetasunak.

Bertoko basoen alde eta eukaliptoaren monolaborantzaren aurka Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataforma sortu da. Bertako kidea da Mario Corral (Gasteiz, 1968). Haren esanetan, espezie horrek kalte egiten die ekosistemei.

Zergatik sortu duzue plataforma?

Eukaliptoaren hedapena gure artean oso nabaria dela konturatu garelako. Espezie hori gero eta gehiago ikusten dugu. Agian izango da konfinamenduaren garaian mendira gehiago atera garela edo, baina kontua da gure inguruetan gero eta gehiago eukaliptoaren monolaborantza ikusten ari garela. Hala, lagun talde bat gaiaren inguruan hitz egiten hasi ginen. Zabaltzen ari den xingola marroi izeneko pinuen gaitzaren eraginez, pinudien mozketa handiak egiten ari dira Bizkaian, eta, horien ordez, eukaliptoak landatzen hasiak dira. Horregatik ikusi genuen Araban gaiari heldu behar geniola, eta, bereziki, gure eskualdean. Hemen, mendiaren jabetza desberdina da, baina ez dugu nahi gurean errepikatzea Bizkaian gertatzen ari dena. 

Zein da bertan parte hartzen duzuenon profila?

Ekologismoarekin sentsibilitate desberdinak ditugun kideak gara. Mendiko Lagunak mendi elkarteko kideak daude, mikologiarekin edo ehizarekin lotura duen jendea, abeltzainak... Funtsean, eukaliptoak ukitzen dituen sektore guztien profilak elkartu gara plataforman.

Zergatik da txarra monolaborantza ekosistemetarako?

Monolaborantzan erabiltzen diren espezieak normalean hazkunde arinekoak dira, eta halako espezie guztiek nutriente eta ur asko behar dituzte; ondorioz, beste landareekiko konpetentzia sutsua egiten dute. Ez dituzte uzten ondo garatzen gainerako espezieak. Ustiapen mota horrek urte gutxitan arrasako mozketak dakartza, eta horrek eragiten dituen ondorio negatiboak oso handiak dira: lurra trinkotzen da, eta geratzen dena babesik gabe geratzen da. Euria egiten duenean aise eramaten du, lur asko galduta. Eta kontuan izan behar da lur zentimetro bakar batzuk sortzeko milaka urte behar direla.  

Zuen ustez, zer behar dute basoek?

Idealena izango litzateke baso naturalak izatea, haien bidea egitea ahalik eta modu naturalenean. Baina azken ehun urteetan intsinis pinuan oinarritutako monolaborantza izan da gehien jorratutako bidea. Eredu hori bukatuta dago, gure baso lurrak agortuta daudelako. Monolaborantzarekin jarraituz gero, hurrengo belaunaldiei ez diegu basorik utziko. Gainera, basoak ustiatzeko beste eredu alternatibo batzuk daude, eta horiek jorratu behar dira.  Araban halakoak landu izan dira, eta Nafarroan pagadiekin eta beste bertoko espezieekin ere landu dituzte basoak. Hori izan behar da bidea, ustiapena dibertsifikatzea. Izan ere, muga ekologiko batzuk badira, eta, halabeharrez, horiek errespetatu behar dira. Bestela, lurrak agortuko zaizkigu.

Orain arte zer egin duzue?

Plataforma otsaila inguruan eratu zen, eta, horregatik, oraindik nahiko gaztea dela esan genezake. Gure mezua zabaltzeko, Facebooken orrialde bat ireki dugu. Bertan berriak eta hausnarketak argitaratzen ditugu, eta iritziak ere jasotzen ditugu. Zuhaitzaren egunaren inguruan, Amurrioko denda txikiekin harremanetan jartzen hasi gara, bai bertoko kontsumoak zein bertoko basoek duten eragin positiboa nabarmentzeko. Dendarien artean panfleto batzuk banatzen hasi gara, eta baita orri markatzaile batzuk ere, horiek bezeroen artean zabaltzeko. Bertan azaltzen dugu bertoko kontsumoak ingurumenean aztarna ekologikoa gutxitzen duela, auzotarren arteko harremanak sendotzen dituela edota jardun ekonomikoa herrian bertan gelditzea lortzen duela, herriari edo auzoei identitatea emanez, gainera. Bertoko basoek, berriz, karbonoa bahitzen dute, paisaia hobetzen dute, eta baso lurrak babesten dituzte, besteak beste. Hau da, bi faktore horien arteko nolabaiteko alderaketa bat egin dugu. Bestalde, eguraldia lagun, Baranbion zuhaitz landaketa bat prestatzen ari gara. 

Batzar Nagusietan ere galdera sorta bat aurkeztu duzue...

Hala da. Erantzunaren zain gaude. Jakin nahi dugu zehazki nolakoa den Arabako basoaren jabetza. Baskegur elkarteak eta forestalistek beti baserria jartzen dute aitzakiatzat: jabe gehienak baserritarrak omen dira, bost hektarea baino gutxiagoko jabeak... Egia esanda, guk ez dugu hori gehiegi sinesten, eta datuak nahi ditugu. Gainera, jakin nahi dugu zenbat diru publiko bideratzen den basoen kudeaketa pribatura, argitzeko ea basoak benetan errentagarriak ote diren ala gauzak hala diren diru publiko asko bideratzen delako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide