Ikastolen jaiek Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketari ekin diote, Euskal Herriko historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin. Gazteek apirilaren 30era arteko epea izango dute lanak aurkezteko, bakarka edo taldeka.
Lehen edizio honetarako aukeratu duten gaia Amaiurko gazteluaren setioa da, 1522ko uztailaren 15etik 19ra bitartean, Gaztela eta Aragoiko armadek egindakoa. Bertan amaitu zen Henrike II.a Nafarroakoaren aldekoek Erresuma berreskuratzeko egindako hirugarren saiakera, 1512ko konkista eta gero.
Antolatzaileen artean, ekainaren 20an Laudion ospatuko den Araba Euskaraz dago, beste lurraldetako ikastolen jaiekin batera.
Nola parte hartu?
Lehiaketa irekia da 14 eta 16 urte bitarteko gazte guztientzat, ikastola bateko ikasle izan ala ez. Teknika ere librea izango da, baina lanak PDF formatuan aurkeztu beharko dira. Jakina, lanak euskaraz idatzi beharko dira, eta bost orrialdeko luzera izango dute gehienez, komikiaren azala barne.
Lanak ehikomikilehiaketa@ikastola.eus e-posta helbidera bidali beharko dira.
Sariak
Epaimahai batek jasotako komiki lan guztien artetik onena zein den ebatziko du, eta sari gisa Xabiroi komiki aldizkariaren 2021ko urriko zenbakian argitaratua izango da. Hala ere, lehia baino, parte hartzea da Ikastolen Elkarteak sustatu nahi duena.
Horregatik, parte hartzaile guztien artean, hainbat sari zozketatuko dira: hiru tablet, Xabiroi aldizkariaren urteko hamar harpidetza eta Xabiroi bildumak (hiru bildumako bost sorta).