"Aiaraldea egoera kezkagarrian dago. Enplegu suntsiketa, lan baldintzen okertzea, enplegu prekarioa eta zerbitzu publiko askoren egoera izugarriak dira", azaldu dute sindikatuek. Besteak beste, Tubacex —EEE bidezko 150 kaleratze daude mahai gainean— eta Valvospain —itxierak 79 langile utzi ditu kalean— enpresen kasuak azpimarratu dituzte, "ehunka familiengan eta eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin".
"Izozmendiaren muturra baino ez" dela uste dute ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek. Azaldu dutenez, bi kasu horiei gehitu behar zaizkie enplegua suntsitu duten hamarnaka enpresa, kaleratuak izan diren aldi baterako langileak, ABLEE egoeran dauden langileak, osasungintza publikoko langileen egoera, zerbitzu sozialetakoena, hezkuntzakoena, ostalaritza eta merkataritza sektoreen egoera, edo eskualdeko enpresa txiki eta autonomoek bizi duten "egoera larria".
Horregatik, euskal gehiengo sindikala osatzen duten lau sindikatuek, "enplegu eta bizitza duinaren alde" mobilizatzera dei egin dute ostiral honetan Aiaraldean, "erantzun global, bateratu eta anitza" emateko.
Mobilizazio eguna Aiaraldean!✊
— LAB Aiara (@LABaiara) March 5, 2021
Amurrio ta Laudioko manifestazioak izugarriak!????
Eskualdeak argi du!
????Aiaraldean Enplegu eta bizitza duinak!
Gora langileon borroka!#AiaraldeaBorrokan#AiaraldeaAlertaGorrian#EnDefensaDelEmpleo#AiaraldekoEtorkizunarenAlde#BaduguAukera pic.twitter.com/VRmap8rkOq
Eskualde mailako bi orduko lanuztea egin dute 11:00etatik 13:00etara; eta 11:30ean milaka pertsona bildu dituzten manifestazioak egin dira Amurrion eta Laudion, Aiaraldean enplegu eta bizitza duina lelopean, herriko plazetatik abiatuta: "Beharrezkoa da guztion artean etorkizun duin bat eraikitzea gure eskualderako", azpimarratu dute sindikatuek mobilizazioen osteko ekitaldietan.
Egun osoko mobilizazioak azken urteetan eskualdean egin diren mobilizazio jendetsuenetarikoak izan dira, eta goizeko lanuztearen jarraipena erabatekoa izan da; Amurrio eta Laudioko saltoki gehienek itxi dute. Arratsaldean izan da eskualde mailako manifestazio nagusia: 20:00etan abiatu da Amurrioko plazatik.
Egun osoko mobilizazioen jarraipena egin du AIARALDEA hedabideak. Hemen ikus ditzakezue eguneko irudiak eta albisteak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!