Aiaraldea Kuadrillak elikagai hondakinak aztertuko ditu

Erredakzioa 2021eko otsailaren 21a

Elikagaien xahutzea murriztu nahi du Kuadrillak. ALEA

Elikagaien xahuketa erdira murrizteko helburua dute, eta horretarako, "garrantzitsua da diagnostiko bat egitea".

Enraiza Derechos elkartearen laguntzarekin, Laudion, Amurrion, Aiaran, Artziniegan eta Okondon xahutzen diren elikagaien diagnostikoa jarri du abian Aiaraldea Kuadrillak. Elika Fundazioa bezalako erakundeen ordezkariek ere parte hartuko dute egitasmoan.

Kuadrillaren barruan eta kanpoan berrerabiltzeko bide posibleak identifikatu eta tartean dauden kateko eragile guztientzako informazio-materialak garatuko dituzte hurrengo asteetan. "Horrela, sektore arteko lan-mahaiak sortuko dira, eta horien bidez aliantzak eta sinergiak ezarriko dira eragile guztien artean, elikagaiak alferrik galtzeko arrazoiei buruzko eztabaida sortu eta hori saihesteko estrategia komunak bilatzeko".

Proiektuak Europako Batasunak gomendatutako elikagai-hondakinen kuantifikazio-metodologia aplikatuko du, emaitzak beste azterlan batzuekin alderatzen laguntzeko. Era berean, erakunde eta pertsona parte-hartzaile guztien elkarlanaren bidez, garatu beharreko lanaren oinarriak erein nahi dituzte, "gure ohituretan eta erosketetan arduratsuagoak izateko eta, horren bidez, elikagaien alferrik galtzea murrizteko".

Elikagaien xahuketa erdira murrizteko helburua dute, eta horretarako, "garrantzitsua da diagnostiko bat egitea, jakiteko non gertatzen den elikagaien alferrik galtzea nekazaritzako elikagaien katean zehar, eta zergatik xahutzen diren elikagaiak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago