Tubacexek 150 langileri eragingo dien kaleratze kolektiboa baieztatu du

Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 18:45
Tubacexeko langileen mobilizazioa enpresaren aurrean, 2020ko protestetan. / AIARALDEA

Enplegua Erregulatzeko Espedientea baieztatu egin du Tubacexek: Laudio eta Amurrioko 150 langile kaleratuko ditu, eta plantilla osoari eragingo dion ABLEE berri bat ezarriko du. Enpresa batzordeak "erantzun sendoa" iragarri du.

Negoziazio mahaiaren lehen bilera egin dute astelehen honetan, eta joan den astean aurreratu zuena baieztatu die Tubacex enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei: alde batetik, enplegua erregulatzeko espediente bat (EEE) berehala aurkeztuko du, 150 lanpostu behin betiko ezabatuz.

Horrez gain, plantilla osoari eragingo dion aldi baterako lan-erregulazioko espediente berri bat martxan jarriko du (ABLEE), orain arteko hirugarrena, otsailaren 7an amaitutakoari jarraipena emateko. Espediente hori martxoaren 29tik irailaren 10era bitartean izango da indarrean.

Plantillaren %20

Uztailean, Tubacex taldeko zuzendaritzak iragarri zuen gastuak doitu behar zituela, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuen plantillaren %20 inguru murriztea. Gaur egun, guztira, 2.500 langile baino gehiago daude talde osoan, eta 800 inguru Aiaraldeko lantegietan, Amurrion eta Laudion.

Uztaileko iragarpenaren ostean, langileen mobilizazio zein lanuzte ugari eta emaitzarik gabeko negoziazioak izan dira. Urte amaieran, gainera, 13 milioi euroko galerak zituela iragarri zituen enpresak, 236,9 milioi euroko likidezia duela onartu zuen arren; hau da, 2024ra arteko maileguei aurre egiteko nahikoa.

Greba mugagabea, mahai gainean

Enpresa batzordeko bozeramaileek albistea "oso txarra" dela adierazi dute, bileraren osteko lehen balorazioan. Horrekin batera, langileen "erantzuna sendoa" izango dela iragarri du, eta, lehen urrats gisa, 24 orduko greba deitu dute ostegunean eta ostiralean.

Halaber, astelehenetik aurrera greba mugagabea deitzeko aukera aztertzen ari dira.

Sindikatuen ustez, enpresak bizi duen krisia "koiunturala" da, batez ere pandemiak eta eskaeren jaitsierak eraginda. Hortaz, "neurri traumatikoak" baztertu eta aldi baterako neurrien alde egiten dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide