Langile guztiak kalean utziko dituen EEEa aurkeztu du Valvospainek

Erredakzioa 2021ko ots. 4a, 16:27
Valvospaineko langileen elkarretaratze bat, 2019. urtean. / @VBorrokan

Valvospain enpresak Amurrioko plantilla osoa 79 langile kalean utziko duen enplegua erregulatzeko espedientea (EEE) aurkeztu berri du, prozesu konkurtsalak porrot egin ostean.

79 langileek balbulak ekoizten dituzte Aiaraldeko sare ekonomikoan paper garrantzitsua bete ohi duen Valvospain enpresako fabrikan. Zuzendaritzak ostegun honetan iragarri du langile guztien kaleratze kolektiboa ezarriko duen EEEa aurkeztuko duela.

Enpresaren egoera ekonomikoa txarra izan da azken urteetan. 2019ko ekainean, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta, ondoren, 2020ko martxotik aldi baterako lan-erregulazio espedientean (ABLEE) dago. Egoera horretan, langileek hiru hilabete eman zituzten soldata kobratu gabe; horri erantzuteko, hilabeteko greba egin zuten.

Ostegun honetan, espero zen albiste txarra iritsi da: prozesu konkurtsalak ez du aurrera egin, interesa agertu zuten hiru enpresetatik batek ere ez duelako seinale gisa jarri beharreko dirua ordaindu. Hortaz, Valvospainek Amurrion duen fabrikako 79 langileak lanik gabe geldituko dira.

Amurrioko lantegia Lazaro Ituarte izenarekin sortu zen 1928. urtean. Prozesu konkurtsalaren porrotaren ostean eta EEEa ezarri ondoren, ia mende bateko ibilbidea amaituko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide