AP-68a doan izan dadin nahi dute

Erredakzioa 2021ko ots. 4a, 09:00
AP-68a Bizkaiko eta Arabako foru aldundien esku dago. PHOT.OK

Plataforma sortu dute Aiaraldean autobidea amortizatuta dagoela aldarrikatzeko. Aretatik Bilborako hamar kilometroko zatian doakotasuna eskatzen dute, eta Altuberako zatian hobariak jartzea.

Bizkaiko eta Arabako foru aldundien esku geratu zen 2019. urtearen abenduan AP-68 autobidea. Une horretatik aurrera, Bilbo eta Araba artean igarotzen den zatia aldundiek kudeatzen dute zuzenean. Gainera, Abertis enpresarekin sinatutako emakida tarteko, 2026. urtera arte autobidea ordainpekoa izango da. Bada, Aiaraldetik ez dute itxaron nahi, eta AP-68 Dohainik plataforma sortu dute. Autobidea amortizatuta dagoela aldarrikatu dute, eta ez dela erabileragatik ordaintzen jarraitu behar.

Plataformako kide Kepa Alañak Aiaraldea.eus hedabidean azaldu duenez, hauteskunde kanpainetan Arabako eta Bizkaiko diputatuek promesak egin dituzte, baina gero ez dituzte bete. "Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek hitz eman zuen aiaraldekoentzat Orozkon hobariak jarriko zituela". Era berean, autobidearen erabilera merketzeko proposamenak landu izan dira zenbait udaletan gaur arte, "baina ez da ezer egiten". Hala, plataforma eratzea erabaki dute, doakotasun prozesua arintzeko, "alderdikerietatik urrunduta". Autobidea doakoa izateak denbora eta kutsadura txikitzea eta segurtasuna handitzea eragingo lituzke, plataformaren iritziz.

Hobariak Araban

Egun, Gasteizerako noranzkoan soilik dago AP-68an hobari sistema –15 bidaitik gora %60ko deskontua, hain zuzen–. Funtsean, Laudiotik Gasteizera joan-etorria egiteak 7,5 euro balio du, "langile batentzat egunero joanda, urtean 798 euro dira %60ko hobaria aplikatuta". Dena den, AP-68 Dohainik plataformako kideek ez dituzte hobariak begi onez ikusten, beharrezko bidaiak baino gehiago egitea sustatzen dutelako; eta garraio jasangarriagoa aldarrikatu dute. "Errepideak eraikitzearen kontra gaude. Hobariek beharrezko bidaiak baino gehiago egitea sustatzen dute, deskontua bestela ezin baita jaso".

Alañaren iritziz, ehunka lagun dira egunerokoan Gasteizera doazenak, "Mercedes Benz lantegira bakarrik 275 aiaraldear doaz". Bi galtzadak –autobidea eta errepide nagusia– paraleloki doaz kasik, eta segurtasuna kolokan dutenean, istripuak iragartzen dituztenean edo eguraldiagatik soilik hartzen dute askok autobidea. "Segurtasuna ezin da izan ordaindu beharreko luxua, eskubidea baizik", zehaztu du.

Aiaraldetik Bizkaira autobidez hurbiltzeko, aldiz, ez dago hobaria eskatzeko aukerarik: "Egunean bi bidai Bilbora 4,10 euro dira, urtean 1.113 euro beraz". Espainiako estatuko laugarren errepide garestiena da Areta edo Laudiotik Bilbora doan errepidea. "Hamar kilometro dira Aretatik Bilborako tartea, hamabi Orozkon sartuz gero; eta 2,10 euro da prezioa". Hots, kilometroa 0,21 zen-timo ordaintzen da. "Seopan autopisten patronalak dio errentagarria dela errepidea 0,09 euroan. Alegia, bikoitza baino gehiago ordaintzen dugu", nabarmendu du Alañak.

Plataformako kidearen hitzetan, euren eskaera ez da horrenbestekoa: "AP-68an Aragoin 45 kilometro daude doan, eta Errioxan 32. Hamabi kilometro horien doakotasuna eskatzen dugu, eta Altuberako zatian hobariak".

Plataformak dinamika berriak ditu buruan, eta sare sozialen bidez deialdiak, aurkezpena eta auto karabana iragarriko dituzte, besteak beste. Eskualdeko elkarteen atxikimendua biltzen hasi dira: Amurrio, Laudio eta Urduñako txirrindulari elkarteena eta Kuskumendi taldearena.

Ponentzia sortuko dute Batzar Nagusietan

AP-1 eta AP-68 autobideen ordainketa sistema aztertzeko ponentzia bat martxan jartzeko proposatu du Diputazioak Arabako Batzar Nagusietan. "2026an Aldundiaren menpe egongo diren errepide nagusien kilometro kopurua %45 igoko da, eta horiek mantentzeko inbertsioak zehaztu behar ditugu", esan du Javier Hurtado Garraio diputatuak. 2019. urtean 10,3 milioi euro inbertitu zituen Aldundiak errepideen konponketan; alta, 2026. urtetik aurrera, 12 eta 13 milioi euro artean beharko dituzte soilik AP-68 eta AP-1 mantentzeko. Mahai gainean hiru aukera daude: aurrekontu bidez finantzatzea, zerga bereziekin ordaintzea edo erabileraren arabera kobratzea.

Ponentzia horretan parte hartzeko gonbita jaso du AP-68 Dohainik plataformak, baina ez dute parte hartuko."Soluzio azkarra du honek: doakoa izatea. Gure ustez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepide guztien gastuak aztertu beharko lirateke, eta ibilgailu denen artean zerga bidez banatu", azpimarratu du Kepa Alañak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide