Lan heriotza

Saratxoko saihesbideko obretan zauritutako langilea hil egin da

Erredakzioa 2020ko abe. 17a, 09:48
Bi anbulantzia eta helikoptero bat bertaratu ziren, langilea ospitalera eramateko. / AIARALDEA

Asteazken goizean Saratxoko saihesbideko obretan zauritutako langilea Gurutzetako ospitalera eraman zuten, helikopteroz. Sindikatuek baieztatu dutenez, langilea hil egin da. 2020an, 70 langile hil dira Euskal Herrian.

Atzoko 9:30ak aldera, Saratxoko saihesbideko obretako egitura bat erori zen, Amurrion. Estruktura horrek langile bat larri zauritu zuen; ondorioz, Larrialdi Zerbitzuak eta Ertzaintza bertaratu ziren, zauritutako langilea Gurutzetako ospitalera eramateko, helikopteroz.

ALEAk LAB sindikatuaren bitartez jakin duenez, langilea asteazkenean bertan hil egin da. Oraingoz ez da jakinarazpen ofizialik argitaratu, baina Gurutzetako langileek heriotza baieztatu egin dute.

Azken lan heriotza salatzeko, euskal gehiengo sindikalak elkarretaratze bat deitu du astelehenean, abenduaren 21ean, 11:30ean Foru Aldundiaren aurrean.

70 lan istripu hilgarri

Dagoeneko 70 langile hil dira 2020an Euskal Herrian; horien artean, Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian desagerturik jarraitzen du. Gainera, aurten, 17 langile hil dira Araban lan istripuz, eta heriotza horietako bost Aiaraldean izan dira.

Obra publikoak

Aiaraldea hedabideak argitaratu duenez, obretan "gorabeherak" salatu dituzte Saratxo Bizirik plataformak eta Administrazio Batzarrak. Izan ere, besteak beste, aurreikusitakoa baino lur gehiago desjabetu dira, eta lanek arrakalak eragin dituzte hainbat etxetan.

Informazioa eguneratzen ari gara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide