Laudioko saltokiek plataforma digital bat prestatu dute

Erredakzioa 2020ko abe. 11a, 11:28

Betiko saltokietan erosketak 'online' egiteko aukera emango du plataforma berriak. / Laudioko Udala

Proiektu honetan parte hartu nahi duten udalerriko saltoki guztiei irekita dago 'Zure merkataritza gara' izeneko plataforma.

Laudioko Udala eta Apill Laudioko Industria Txikien Elkartea hilabeteak daramate plataforma digital bat abian jartzeko lanean, herriko saltokiek beren produktuak salgai jar ditzaten. Covid-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz hartu dute erabakia,  herriko enpresek bizi duten egoera eta online salmenten gorakada ikusirik.

Rural Kutxarekin elkarlanean, Somos tu comercio online salmentarako plataforma prestatu dute. "Horri esker, udalerriko hirugarren sektoreari tresnak eman ahal izango zaizkio, lehiakorragoa izan dadin eta hobetzen lagun dezaten, asmo handiko proiektu honekin bezala: lankidetza publiko-pribatukoa, Laudion saltokia duen edozein enpresarentzat", aipatu dute Udaletik.

Plataformak hainbat funtzio ditu: salmenta, logistika zentralizatua eta eduki erraz eta intuitiboak sartzea, bilatzaileetan posizionatzea, eta proiektu honetan parte hartu nahi duten udalerriko saltoki guztiei irekita dago. Horretarako, parte-hartzaileek berariazko prestakuntza jasoko dute, bai eta laguntza ere, beren saltokiko informazioa plataforman sartzeko kudeaketa egiteko.

Azaldu dutenez, marketplaceak erabilera erraza eta intuitiboa du, eta, horri esker, plataforman sartuta, produktu guztiak eskuratu ahal izango dira; gainera, erosketa arduratsua bermatzen da, "online erosten baita betiko saltokian, eta, beraz, betiko konfiantzarekin". Produktua entregatzeko hainbat aukera daude: etxean edo dendan. Eta bezeroak erosketak jasotzeko modurik erosoena aukeratu dezake. Proiektu honekin bat egin nahi duten Laudioko establezimenduek Apillekin harremanetan jarri behar dute 946 72 28 01 telefonoan edo apill@laudicomercial.com posta elektronikoaren bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide