'Sasiak eta haziak' dokumentalak indarkeria matxista irudikatu du Aiaraldean

Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 12:00
Grabaketetako baten irudia. / AIARALDEA.EUS

Aiaraldea Hedabideak ekoitzi du, Emakunderen dirulaguntzari esker. Azaroaren 24an estreinatuko da, 20:00etan, 'Aiaraldea.eus' atarian.

Aiaraldeko zazpi emakumek jasandako edo bizitako indarkeria matxistaren testigantzak jaso ditu Sasiak eta haziak dokumentalak. Sexu abusuak, jazarpen edo gutxiespenak, indarkeria fisiko eta psikikoa, gazteen arteko jarrera matxistak eta beste eguneroko errealitateak ikusaraztea izan da helburua, eta zapalkuntza horien aurrean "ahalduntzea" lortu duten emakumeen errelatoei bide ematea. 

"Macarena Leonek, esaterako, 13 urtez jasandako biolentzia eta "libre eta zoriontsu" bizitzeko gauzatutako ahalduntze prozesua kontatu ditu; eta Irune Egigurenek unibertsitate ikasketetan indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin egindako lanaren ondorioak azaldu ditu. Leire Sanjurjok, berriz, jai giroan zein gazteen espazioetan (udaleku zein gaztelekuetan kasu) ematen diren erasoak izan ditu ardatz".

Halaber, bestelako gaiak ere jaso ditu ikus-entzunezkoak: "Gentzane Aldai, esaterako, pilota munduan sentitutako jazarpen zein gutxiespenez mintzatu da. Ludi Temiñok, aldiz, Berriak supermerkatuetako emakumeen lan gatazkaren garaipenaren esperientzia partekatu du, lan munduko botere harremanak edota akordioetarako aukerak bistaratuz".

Halaber, Aiaraldea Hedabideak sustatu duen lanak hizpide izan ditu Maddalen Muguruza Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideak azken urteetan egindako lana eta neska gazteen artean jasotako lekukotzak.

Dokumentala azaroaren 24an estreinatuko da, 20:00etan, Aiaraldea.eus atarian. Hasiera batean aurkezpen publikoak aurreikusita bazeuden ere, bertan behera geratu dira herrietako emanaldiak, COVID-19 birusak eragindako pandemiaren ondorioz.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide