Josune Irabienek Amurrioko alkatetza utzi du

Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 18:23
2011n, Amurrioko lehen alkate emakumezkoa bihurtu zen Josune Irabien. / AIARALDEA.eus

Txerra Molinuevok ordezkatuko du Josune Irabien Amurrioko alkatea (EAJ), azken horrek Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari gisa ardura berriak har ditzan.

Astearte honetan, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Josune Irabien (Amurrio, 1970) izendatu du Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari. Olatz Garamendi sailburu duen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Saileko kide gisa arituko da Irabien.

Kargu berria bateraezina da Amurrioko alkatetzarekin, eta, beraz, Irabienek bere kargua utzi du, bere hirugarren legealdian eta  agintean hamarkada bat eman ondoren.

Irabien 2011n izendatu zuten alkate lehen alkate emakumezkoa, Amurrioko oposizioaren buru izan ostean; izan ere, 24 urtez alkate izandako Pablo Isasi abertzalea ordezkatu zuen orduan. Aurretik, 2003tik 2007ra EAJko batzarkidea izan zen Gasteizko barrutian. Gaur egun, ordea, alkate izateaz gain, Eudeleko batzorde betearazleko kide da.

Zientzia politikoak ikasi zituen eta irakaskuntzan, itzulpengintzan eta hizkuntza normalizazioan aritu da lanean, besteak beste.

Etapa berria

"Erabakia ez da batere erraza izan", adierazi du EAJk, ohar bidez. "Amurrioko EAJtik eskerrak eman nahi dizkiogu, bihotzez, Josune Irabieni, urte hauetan guztietan herriko erakundearen buru gisa egindako lanagatik, eta zorte onena opa nahi diogu. Etapa profesional berri eta ilusionagarri honetan, ziur gaude euskal herritarroi, oro har, eta, bereziki, euskaldunoi, gure ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen jarraituko digula", ospatu dute jeltzaleek.

Txerra Molinuevo, alkate berria

Jarduneko alkate berria Txerra Molinuevo da oraingoz, eta ostegun honetan bertan ofizialki izendatuko dute, osoko bilkura berezi batean. Molinuevo 2015ean iritsi zen udaletxera, eta Ogasun, Pertsonal, Herritarren Partaidetza, Kirol eta Alkateordetzako zinegotzi delegatuaren lanak egin ditu joan den legegintzalditik.

Bere lehenengo erronka 2021eko aurrekontuak aurrera ateratzea izango da. Hala ere, gaur egun, gehiengoa lortzeko baldintza egokiak ditu: EAJk 8 zinegotzi ditu, eta PSEk zinegotzi bakarra; sozialisten babesa izango duela aurreikusten da, bi alderdien artean gobernu akordiorik ez dagoen arren. Oposizioan, EH Bilduk 7 zinegotzi ditu, eta Orain Amurriok, ordea, eserleku bakarra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide