Aiaraldeko tren zerbitzuaren gabeziak konpontzeko Aldundiaren inplikazioa eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko aza. 4a, 10:55
Sei tren zerbitzu bertan behera utziko dituzte eskualdean. / AIARALDEA.eus

Aiaraldea Bilborekin eta Urduñarekin lotu eta eskualdeko hainbat herritan zerbitzua ematen duen trenean maiztasun gehiago eskatu ostean, EH Bilduk Aldundiaren inplikazioa eskatu du Kontrol Osoko Bilkuran.

"Noiz ezarriko ditu beharrezko neurriak Arabako Foru Aldundiak Aiaraldeko biztanleria jasaten ari den mugikortasun arazoak arintzearren?", galdetu dio EH Bilduko batzarkide Ainhize Solaunek foru diputatuari.

Batzarkideak gogoratu duenez, trenak "funtzio garrantzitsua" betetzen du Aiaraldea artikulatzeko, eta inguruko eskualdeekin lotzeko. Covid-19a dela eta, ordea, hainbat zerbitzu kendu direla ohartarazi du EH Bilduk; horren ondorioz, udalerri batzuetan ez dago beharretara egokitutako tren zerbitzurik.

"Aiaraldeko herritarrak larrituta eta haserre daude", salatu du Solaunek, eta instituzioek "zeozer egin dezatela" eskatu du. Izan ere, hainbat mozio onartu dira eskualdean, Renferi eskatzeko konfinamendu egoeraren aurretik zeuden ordutegiak eta tren bidezko zirkulazioa berrezartzeko.

Horregatik, Laudio, Aiara, Amurrio eta Urduñako udalbatzek hartutako konpromiso bera hartzeko eskatu dio Solaunek Aldundiari. "Foru Aldundiaren betebeharretako bat Arabako herritarren egoera hobetzea da. Foru Gobernuak bere esku dagoen guztia egin behar du kalitatezko aldiriko tren zerbitzua bermatze aldera".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide