Amurrioko Aresketa ikastolari egokitu zitzaion aurten Araba Euskaraz antolatzea, Gasteizko Armentia ikastolaren lekukoa hartuta. Koronabirusak ospakizuna zapuztu du; hasieran jaia atzeratu baldin bazuten ere, egoera ikusirik bertan behera uztea erabaki dute. Energia asko utzi dute bidean, eta ez dute aurreikusten hurrengo urtean jaia berriro antolatzea. Hala esan du bi eta hamasei urte bitarteko 670 ikasle dituen ikastolako zuzendari Joseba Llano Hernaizek (Barakaldo, 1969). Erabakia "oso gogorra" izan dela aitortu du Llanok, baina aurrera begiratu beharra dute, eta momentu honetan ikasturte berria ondo garatzea dute helburu.
Zer suposatu du Araba Euskaraz bertan behera utzi behar izateak?
Prozesu luzea izan da, aurreko ikasturtean martxan jarri genuen, ekainean, eta ibilbide polita eta aberatsa egin dugu. Araba Euskarazen antolakuntzan jende askoren lana, inplikazioa eta ilusioa dago, auzolana dago atzean, eta gu oso pozik geunden, martxora arte. Martxoan dena lehertu zenean, oraindik pentsatzen genuen ekainaren 14an ospatuko genuela. Gero ikusi genuen bertan behera utzi behar genuela eta erabaki kolektiboa hartu genuen Kilometroak eta Ibilaldiarekin batera; eta, azkenik, urriaren 18koa bertan behera uztea erabaki zenean, ilusio hori guztia frustrazio bihurtu zen. Lan handia egin ondoren, espektatiba batzuk markatzen dituzunean, gero ezer ezin duzula egin ikustea gogorra da.
Hurrengo urtean berriz antolatzeko asmoa duzue?
Ez. Gure kasuan erabaki dugu txanda pasa egitea, eta ez hartzea berriz ardura. Erabaki horren atzean ere zalantzak izan genituen, baina baldintzak eta egoera desberdinengatik erabaki dugu ez egitea. Kontuan izan behar da lanketa osoa eginda genuela, bidai luze bat eta ilusio asko, eta azkenengo momentuan trena errailetik irten zela... Gure zikloa amaitu egin behar zela ikusi genuen.
Araba Euskaraz bertan behera uzteaz gainera, nola bizi duzue koronabirusak ikastolaren ohiko funtzionamenduan izan duen eragina?
Fase ezberdinetatik pasa gara. Lehenengoa izan da onartzea datorkiguna, eta kokatzea. Gogoratu behar dugu hezkuntza sistemari kendu zitzaiola preziatuena, presentzialtasuna. Espektatibak piztu ziren, hasiera batean, era telematikoak ordezka zezakeela zerbait; baina kurtsoaren amaieran frogatu da ez dela horrela izan. Dena den, lehen fasean, espektatiba horretara egokitu ginen, eta ikasturteari amaiera ematen genion ahal izan genuen moduan. Orokorrean, hezkuntza munduan ez ginen gustura geratu. Batez ere pentsatzen genuelako ikasturtea presentzialki bukatuko genuela, eta ez zen horrela izan. Bigarren fasean sartu ginen, kurtso berria prestatzen hasi behar zen, baina ez zegoen ezer argi. Gu oporretara joan ginen eta dena zegoen airean, ez genekien presentziala edo telematikoa izango zen.
Aurreikuspen falta egon da?
Eta zehaztasun falta. Eta gero, osasun egoera delako horrek baldintzatzen zuen guztia; ez dakit zer punturaino, nik horren inguruan nire zalantzak ditut eta. Guk ikasturte amaierako balorazioan behintzat oso argi genuen osasun krisiaz gain, badagoela beste zerbait horren guztiaren atzean, hain zuzen ere hezkuntzak momentu honetan Euskal Herriko agendan hartzen duen pisua ez delako behar duena. Hezkuntza momentu batzuetan terrazen pare kokatu dute, eta horrela kokatzen zaituztenean dena dago zalantzan, ez da ezer finkatzen; ez dute esaten "hezkuntza sistema blindatuko dugu, indartu egingo dugu eta jarriko ditugu behar diren baliabideak". Ez. Oporretara joan ginen osasun krisiagatik, eta ikusten genuelako arduradun politikoen agendan hezkuntza ez zegoela lehentasunen artean, beste sektore bat balitz bezala hartzen dutela. Horregatik zuzendaritza taldeetan gaudenok ikusten dugu ez dela soilik osasun krisi larri batean gaudela, eta hala da, baizik eta euskal gizartean hezkuntza ez dela lehentasuna.
Zer da gehien faltan bota zenutena momentu horretan?
Administrazioak saldu duena da osasun krisiak dena agintzen duela, eta gero konturatu gara ez dela horrela izan, erabakiak modu askotan har daitezkeelako. Analisi partekatu bat egin behar zen hezkuntza eragile, agintari politiko eta gizartearen artean, erabakitzeko zer egiten genuen 2020-21 ikasturtearekin. Hori ez zen eman udan eta irailera ailegatu ginen. Orduan, Uriarte andereak ekaineko protokoloa atera zuen eta denak zur eta lur geratu ginen. Zorionez, presentzialtasunari lehentasuna eman zioten. Hezkuntza presentziala da edo ez da, gu ez gara zentro telematikoak, ez gara urruneko zentroak. Hori finkatu zutenean hasi ginen dena antolatzen horren inguruan; eta hori da uztailean beldurrez-edo ez zutena egin.
Nola egokitu da ikastola egoera berrira?
Hor sartzen dira prebentzio eta higiene neurriak, baliabide teknikoak, egin behar izan ditugun kontratazioak. Ikastolaren sistema horri begira jarri da, eta irailetik hona horrekin gaude.
Inbertsio ekonomiko handia suposatu du?
Bai, noski. Eta azpimarratu nahi dugu momentu honetan, gaurko egunean, Hezkuntza sailaren aldetik jaso duguna zero dela; beraz, horren zain gaude. Espero dugu gauzak birbideratuko direla eta baliabideak jarriko direla. Lehengo hausnarketaren harira, baliabiderik, ekonomikoak edo bestelakoak, dagoeneko mahai gainean ez egoteak erakusten du administrazioaren lehentasunen artean ez dagoela hezkuntza. Pandemia hasi zenetik, hainbat baliabide eta milioi leku ezberdinetara joango direla entzun dugu, eta nik ez dut entzun oraindik hezkuntzari bakarrik begira zerbait egongo denik, funtsezko zutabea denean. Eusko Jaurlaritzari galdetzen badiogu hezkuntzari zer partida zuzendu dion kostatuko zaio topatzea. Izango balute berehala aterako lukete Teleberrian, eta ez dute egin.
Arlo pedagogikoan zer da garrantzitsua ikastolan?
Une honetan oso baldintzatuta gaude osasun krisiagatik. Hori bada faktore bat, eta ikasturte honetan baldintzatuko gaitu. Beraz, epe motzeko helburua da ikasturteari jarraipen egokia ematea, eta hasi garen bezala amaitzea. Epe luzeko helburuen artean dugu euskararen erabilera sustatzea, adibidez. Amurrio oso herri erdalduna da, eta gure helburua da testuinguru egokia eta tresnak ematea ikasleei euskaraz era eroso eta gustuko batean egin ahal izateko. Bestalde, balioen lanketa ere egiten dugu, proiektu desberdinen bitartez. Haur hezkuntzan, duela bi urte martxan jarri genuen konfiantzaren pedagogian oinarritutako programa, baina hain justu koronabirusa etorri da kontrako norabidean; zirkulazio librea bultzatzen da, paretarik gabeko gelak, eta aldiz, orain gelak banatu egin behar izan ditugu, taldeak isolatu… Espero dezagun horretara itzuli ahal izatea, oso obra polita egin baikenuen espazioa egokitzeko. Halaber, gurea oso ikastola txikia, gertukoa eta familiarra izanik, tratu handia dugu familiekin eta ikasleekin. Horregatik, materialaz eta metodologiaz gainera, gure orientazio departamentua funtsezko zutabea da. Arreta berezia eta osoa ematen zaie ikasleei, eta DBHn oso presente dago. Ez da bakarrik zer ikasten duten, ikaslearen garapen integrala ere bermatzen saiatzen gara eta. Horretaz harro gaude, gure zutabeetako bat da.
Herritik, herriarentzat
Aresketa Ikastola 1977an sortu zuen Amurrioko guraso talde batek, eta urte gutxira kooperatiba bilakatu zuten. 1989. urtean, eraikin duin bat lortzeko asmoz, 'Adreiluaren Martxa' kanpaina abian jarri zuen ikastolak, eta horri esker lortu zuten Amurrioko Ikastola Aresketa auzoan kokatzea. 1986. urtean, berriz, herriko beste erakunde eta ikastetxeekin elkarlanean Araba Euskaraz antolatu zuen, lehenbizikoz, garaiko Amurrio Ikastolak, eta hamar urte geroxeago, bigarrenez, jaia antolatu zuen Aresketak. Egun, proiektu sendoa da ikastetxea, eta Joseba Llano zuzendariak azaldu duenez, Amurrion dagoen "hezkuntza ekosistemaren zati garrantzitsu bat". Harreman estua du herriarekin, eta baita herri-eragileekin ere: "Gure bokazioa da zerbitzu publikoa izatea. Urte luzeen ondoren egonkortasuna lortu du Aresketak eta helduaroan dago orain".