Tubacexeko langileek 24 orduko greba egin dute Aiaraldean

Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 19:30
Tubacexeko langileen elkarretaratzea lantegiaren aurrean, Laudion. / @CCOOindustria

Astearte honetan, 24 orduko lanuztea egin dute Tubacexeko langileek, eta jarraipena "erabatekoa" izan da. Oraingoz ez da lortu sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko akordiorik.

Tubacexeko langileen batzordeak Laudioko lantegiaren aurrean eguerdian egindako elkarretaratze zaratatsuan adierazi duenez, 24 orduko grebaren jarraipena "erabatekoa" izan da. Bertan, 300 bat langile bildu dira, enpresako zuzendaritzak proposatutako kaleratzeak arbuiatzeko. Ordubetez errepidea itxita izan dute eta petardoak jaurti dituzte, besteak beste.

Langileen ordezkari Eduardo Iberniak azaldu duenez, irailetik egiten ari diren elkarrizketetan ez da aurrerapausorik eman. Enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilerak asteazkenero egiten dira, baina momentuz ez da akordiorik lortu.

Une honetan, Tubacexeko langileak azaroaren 4ra arte luzatuko den aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean daude. Sindikatuek ez dute baztertzen data horretatik aurrera kaleratzeak iristea: "Horretarako ez dute enpresa batzordearekin akordiorik behar", adierazi dute.

Hala ere, zuzendaritzak planteatu du negoziazioa urriaren 15era arte mantenduko duela. Gainera, ez du ofizialki baieztatu 150 kaleratze planteatzen dituenik: "Zuzendaritzak ez du uste bideragarria denik 150 pertsona gutxiagorekin lan egitea", azaldu dute sindikatuek.

 

150 lanpostu arriskuan

Zuzendaritzak uztailean iragarri zuen gastua 10 milioi euro murrizteko asmoa duela eskualdeko lantegietan, eta horrek 150 lanpostu suntsitzea ekar lezake Aiaraldean. Berregituratze-planaren arabera, nazioarteko plantilla osoaren %20 inguru kaleratu nahi dute; guztira 500 langile, gutxi gorabehera. Gaur egun, 800 langile inguru ditu Tubacexek Araban, Laudioko eta Amurrioko hiru lantegietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide