Gure bazterrak

Erraldoiaren oinarrietara

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2020ko abu. 11a, 10:00

Nerbioiko ur-jauziaren oinarriraino hurbil gaitezke Delikako haizpitartean barrena; paraje zoragarria eta errekatxoak igarota iritsiko gara. Kontuz ibili behar da ibaian ur asko jaisten den egunetan. 

Komeni da Arabako Diputazioak aurreikusita duen ibilbide berdea eraikitzen hasi baino lehen Delikara hurbiltzea; izan ere, egungo xarma galduko du oraingo ibilbideak porlanaren eta ehunka bisitariren arrastoen azpian harrapatuta geratzen denean.  

Bi gune lotzen ditu Delikako haizpitartean barrena eramaten gaituen ibilbideak. Batetik, herria bera; Amurrioko udalerriaren parte da egun, baina 1976. urtera arte, Arrastaria Haraneko lau herriek osatzen zuten udalerriaren hiriburua izan zen. Bestetik, Nerbioi ibaiaren jaiolekua; aski ezaguna da, batik bat Santiago mendian dagoen begiratokiari esker. Kasu honetan, aldiz, ur-jauzia erortzen den horma handiaren ondotik ikusiko dugu, behealdetik. 

Zailtasunik ez 

Bertara iristeko Delikako Infierno izeneko taberna-jatetxearen ondoan dagoen aparkalekutik aterako gara, eskuinetara ateratzen den ibaiaren bide paralelotik. Bost minutuz ibili ondoren, hesi batera iritsiko gara, eta berau igaro beharko dugu mendi-bide zabal batera iristeko. Ibilbideak ez dauka zailtasunik; izan ere, nahikoa da ibaiaren bidea jarraitzea eta hainbatetan zeharkatzea. Gainera ibilbide ia laua da, eta oso desnibel txikia gainditu beharko da.

Behin arroilaren amaierara helduta, eta ur-jauzia erortzen den horma handiaren parean jarrita, oinarriraino hurbildu ahalko gara, harrietatik gora eginez. Kontuz ibili beharra dago ur asko jaisten den egunetan, ez baita erraza izango ibaia hainbat puntutan igarotzea, ezta irristakor diren harrietan gora egitea ere.

Hortaz, nahiz eta ur-jauzia bisitatzeko garai gomendagarriena euriteen ondorengo egunak izan –neguan eta udaberrian batez ere, ura mendietatik jaitsi eta ibaiak normalean daraman kantitatea askoz handiagoa denean–, zaila gerta daiteke ibilbide osoa egitea. Hala ere, pena merezi du sikiera lehenbiziko kilometroak egitea, eta pagadi ederrez gozatzea.

Bertatik jaitsi ondoren, Urduñara edota Amurriora hurbiltzea da aukerarik onena, asko ikusteko baitago bi herrietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide