EH Bilduko udal ordezkariak mehatxatzeagatik zigortu dute Ibon Aiz laudioarra

Erredakzioa 2020ko uzt. 9a, 14:37
Aurreko legealdiko EH Bilduko ordezkari politikoek jaso zituzten mehatxuak./ AIARALDEA.eus

Amurrioko epaitegiak Ibon Aiz laudioarra zigortu du EH Bildu kargu publikoei sare sozialetan bidalitako mehatxuen egile gisa, "arrazoi ideologikoak" gaineratuz. Azpiegitura eta Garraioko sailburuorde Antonio Aiz jeltzalearen semea da.

Laudioko EH Bilduk azaldu duenez, bere kargu publikoek sare sozialen bidez jasotako mehatxuen inguruko ahozko epaiketa publikoa egin ondoren, ekainaren 17an Ibon Aiz laudioarraren aurkako epaia eman zuen Amurrioko instrukzioko 1 zenbakiko epaitegiak. Ebazpen hori ekainaren 30ean jakinarazi zitzaien kaltetuei eta egileari.

Epaileak frogatutzat jo du Ibon Aizek, 2019ko otsailaren 19an eta 20an, bi egunez jarraian, eduki mehatxagarria zuten hainbat mezu bidali zituela salatzaileen kontu pertsonaletara, baita Laudioko EH Bilduren kontura ere. Mezu horietan honelako adierazpenak zeuden:

  • "Oihala altxatzen da eta herri osoa zure bila goaz, zure sasikume familia guztiaren bila".
  • "Ez duzue legealdia bizirik amaituko. Zuen bila goaz, sasikume horiek".
  • "Soka eta ganbara. Kanpora orain".

Egileak mehatxatu izana onartu zuen epaiketan, eta adierazi zuen mehatxatuak euren ideologiagatik aukeratu zituela, EH Bildukoak izateagatik, hain zuzen. Epaileak egoki ikusi du Zigor Kodearen 20.4 artikulua aplikatzea, "arrazoi ideologikoak" direla eta.

Gertaera horiek "krispazio politikoaren testuinguruan" kokatu ditu EH Bilduk; bereziki, 2015-2019 legealdiko azken urteetan. Subiranistek zigorrarekin "frogatutzat" eman dute bere zinegotziek, "ernegazio hori sortu ordez, sufritu dutela, eta, azken batean, biktimak izan direla".

Antonio Aiz alkate ohiaren semea

EH Bilduko iturriek ALEAri baieztatu diotenez, zigortutako Ibon Aiz Azpiegitura eta Garraioko sailburuorde Antonio Aiz Salazar jeltzalearen semea da. Gaur egun kargu hori badu ere, 1991tik 1997ra Laudioko alkatea izan zen Antonio Aiz, EAJrekin.

Alkate izateaz gain, beste kargu publiko batzuk bete ditu Eusko Alderdi Jeltzalearen bitartez: Biltzarkidea Arabako Batzar Nagusietan (1995), Eusko Legebiltzarreko kidea (1997-1998), Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea (1998-2005), Euskal Trenbide Sareko idazkari nagusia(2005-2013) eta Garraioetako sailburuordea (2013-2016). Gaur egun Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea da.

Alkatearen "babes eza"

Halaber, Laudioko EH Bilduk salatu egin du gaur egungo "alkatearen eta bere alderdiaren babes eza", eta berretsi egin du mehatxatutako kargu publikoekiko "babesa eta hurbiltasuna".

Haien esanetan, "egoera larri honek agerian utzi du jeltzaleen neurtzeko makila bikoitza: Ander Añibarrok eta bere alderdiak, EAJk, isiltasuna baliatu izan dute udalbatzako kide izan zirenek egindako salaketei erantzuteko, eta hori guztia, mehatxuen egileari eta honen inguruari kalterik ez eragiteko, noski".

Azkenik, EH Bildu Laudiok dei egin du epai hau eragin duten gertakariak "berriro gerta ez daitezen".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide