Oso aspaldikoa da udako solstizioa ospatzeko sua pizteko tradizioa. Urtero errepikatzen da ohitura, eskualdeko herri guztietan. Aurten, baina, sugar gutxirekin egingo zaio ongietorria udari Aiaraldean, herri gehienetako ospakizunak bertan behera geratu baitira koronabirusaren ondorioz.
Laudion
San Joan Astobitzako jaiak izan ziren bertan behera geratzen lehenak, apirilean. "Ez dugu ezagutzen ekainean izango dugun egoera, baina azken unean urteroko egitaraua antolatzea ezinezkoa zaigu, jai batzorde txikia eta xumea garen heinean", adierazi zuten orduan jai batzordeko kideek, eta honakoa eskatu zioten udalari: urtero jasotzen duten diru-laguntza "COVID-19ak herritarrongan sortu dituen zailtasunei aurre egiteko erabiltzea".
Dena den, Akelarre Dantza Taldeak emanaldia grabatu du baselizaren inguruetan, eta udalaren webgunean estreinatuko dute bihar -asteartea- gauean. Laudioko Deabruak taldeak grabatutako ikuskizuna ere bihar sareratuko da, gaueko hamarretan.
Amurrion
Amurrio izango da sua piztuko duen herri bakarra, ohiko ordu eta tokian. Hala ere, ez bertaratzeko deia luzatu du udalak, zuzenean emitituko baitute. Otsemeak taldeak, bere aldetik, atzeratu egin du ohiko akelarrea.
Aiara, Artziniega eta Arakaldon
Luiaondo eta Murgan egin ohi diren suak ere ez dira egingo aurten, Gentza Alamillo Aiarako alkateak jakinarazi duenez. Artziniega Museoan antolatzen den udako solstizioko jaia ere bertan behera geratu da, eta baita Arakaldokoa ere.
Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai, osorik.