Astelehen honetan, Tubacexeko zuzendaritzak beste langile bat kaleratu duela salatu du LAB sindikatuak, Aceralavako lantegian. Sindikatuaren arabera, baja medikoan zegoela, ikertzaile pribatu bat jarri zuen enpresak, langilea zelatatzeko, eta, antza, horregatik izan da kaleratua.
LABek azaldu du enpresaren helburua absentismoa murriztea dela, enpresarentzat oso garestia delako, eta langileak zelatatzeko zerbitzu pribatua bat daukala. "Honek langileen eta euren familien intimitateari eraso egiten dio eta auzitan jartzen du bajan dagoen langileak egin dezakeen edozein jarduera, aipatu jarduera medikuak berak aholkatuaegon arren", kritikatu du sindikatuak.
Halaber, salatu dute langile honi egindako jarraipenaren jatorria duela urte batzuk langileak aurkeztutako barne-salaketa batean dagoela, enpresako arduradun batzuek ematen zioten tratuaren ondorioz. "Momentu horretatik aurrera bere egoera ez da batere erraztu enpresa barruan", saltu du LABek.
Gainera, langileen ordezkarien arabera, pasa den otsailean 12 egunez enplegu eta soldatarik gabe zigortu zuen bere arduradunak, hiru ohartarazpen jarraian egin ondoren. Azkenean, martxoan, enpresak berak langileari eskatu zion aholkularitza baten bidez egiten ari ziren elkarrizketetan parte hartzeko, gertatzen ari zena ezagutu eta konpontzeko.
"Konbentzituta gaude Tubacexek ikerketa prozesu hauek irekitzera bideratzen duen ahaleginaren erdia langileen eskariak erantzutera bideratuko balu, lan eta segurtasun baldintzak hobetuz, enpresako langileen errealitatea zeharo ezberdina izango litzatekeela", adierazi du LAB sindikatuak.
LABek ez du onartzen bajak "enpresarentzako koste bezala ulertzea, ezta gaixotzeagatik auzitan jarriak izatea" ere. Zuzendaritzari gogorarazi diote langileak direla "osasuna eta bizitza galtzen" dituztenak, askotan dituzten lan baldintzengatik. Horregatik, "jazarpenarekin amaitu" eta kaleratutako langileak berronartzea exijitu diote Tubacexeko zuzendaritzari.