Lan heriotza estaltzen saiatzea leporatu diote Zorrozako zuzendaritzari

Erredakzioa 2020ko mar. 10a, 17:06
Bilbon agerraldia egin du LABek, gertatutakoa salatzeko. / LAB sindikatua

Zorroza Gestion de Residuos enpresako zuzendariak agindu zehatzak eman zituela salatu du LAB sindikatuak: zaurituta egon arren langilea lekuz aldatzea, gertatutakoa estaltzeko. Hala ere, lankide bat inputatu dute lan istripu hilgarria estaltzea egotzita.

Joan den otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestion de Residuos SL enpresan, Aiaran: Bassirou Dione zuen izena. Egun horretan, 17:00etan, langilea, bi lankide eta enpresaren arduraduna teilatura igo ziren kanaloiak konpontzera, gerentearen aginduak jarraituz. Ez zegokion lanpostu batean eta prebentzio neurririk gabe lanean ari zen Dione, LAB sindikatuak azaldu duen bezala.

Eskailera bat hartu eta teilatura igo ziren, bederatzi metrotara eta inolako segurtasun neurririk gabe. Handik minutu gutxira, teilatuaren zati bat apurtu ondoren erori zen B.D. Han zeuden langileek berarengana jo eta oraindik bizirik zegoela ikusi zuten, larriki zaurituta zegoen arren.

LAB sindikatuaren arabera, enpresaren kudeatzaileak behartu egin zituen langile batzuk B.D. mugitzera, bere ohiko lanpostura gerturatzeko eta ondoren, agindu zehatzak eman zizkien langile guztiei: "Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori dela... Zintatik erori dela!".

Horrez gain, langileak erantzule bihurtu nahi dituztela dio LABek: "Langileok biktima gara, ez erantzuleak". Kasu honek alarma pizteko elementu guztiak dituela dio sindikatuak, eta enpresa hau langileentzako "eskubiderik gabeko eremu bat" zela ohartarazi dute, "Guantanamo laboral bat". Auzia epaitegietan dago orain.

"Guantanamo laboral bat"

Zorroza Gestion de Residuos enpresako lan baldintza okerrak nabarmendu ditu sindikatuak istripuaren ondorengoko asteetan: eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak, babesteko ekipamendu falta, soldata baxuak, lan erritmo oso altuak, fitxatzeko sistemarik eza, instalazioen egoera, prestakuntza falta lan arriskuen prebentzioaren arloan eta abar luze bat.

Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txarrak egon direla ere salatu du LABek; langile baten aurkako eraso fisikoa ere gertatu da, sindikatuaren arabera.

Opakutasuna kudeaketan

Enpresaren "kudeaketa opakua" ere argitara atera da azken egunetan. Izan ere, Aiarako udal arkitektoaren txosten baten arabera, "arau hauste oso larria" egin zuen enpresak, eta istripuaren aurreko hilabeteetan, enpresak hiru aldiz ukatu zien sarbidea lantegia ikuskatzera zihoazen zerbitzu teknikoei.

Urtarrilean, azkenik, zerbitzu teknikoek bisita egin zuten, Ertzaintzak lagunduta. Gainera, Aiarako Udalak espedientea ireki zion enpresari istripua baino hilabete batzuk lehenago, "pertsonen segurtasun eta osasun neurriak zein ingurumenaren babesaren ingurukoak ez betetzeagatik".

Hau ez zen Zorroza enpresak egindako lehen arau haustea. Aipatutako udal arkitektoaren txostenak aurreko txosten tekniko batean oinarrituta zegoen. 2017ko abenduaren 11n, enpresak egindako bi arau-hauste larri jaso zituen jatorrizko txostenak: jarduera proiektuan zeuden definitu gabeko materialen kudeaketa eta ahal zena baino hondakin gehiago pilatzea".

Zorroza Gestion de Residuos enpresa, Murgan (Aiara). / ELA sindikatua

 

Aiaraldea hedabidea auziaren jarraipen berezia egiten ari da.

Besteak beste, Zorroza Gestion de Residuos enpresan lan egin zuten sei pertsonekin hitz egin du erreportaje batean, eta gauza ugari leporatu dizkiote beharginek enpresako zuzendaritzari:

Zorrozako langile ohiak, beste istripu baten harira: "Furgoneta batean sartu eta txakur bat bezala eraman zuten hanka zulatua zuen langilea"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide