Mozorroa soinean, itsasoa gogoan

Erredakzioa 2020ko ots. 22a, 10:22
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeek egin dute desfilea. Argazkia: aiaraldea.eus

Itsasora egiten diren plastiko isurketen inguruko hausnarketa egin du Inauterietan Amurrioko Amaurre ikastetxeak.

Inauteriak ospakizun egunak izaten dira toki gehienetan, baina zenbait kasutan aldarrikapen eta hausnarketarako tokia ere izaten dute egun koloretsuok. Halaxe egitea erabaki dute Amurrioko Amaurre ikastetxeko ikasleek ere.

Urtean zehar ingurugiroaren mesedetan antolatzen dituzten ekintza ezberdinen artean, inauterietan, beraien aldarrikapena zabaltzeko baliatu nahi izan dute aratusteetako erakusleihoa. Horrenbestez, Udaletxera bidean atzo egindako mozorro desfilean, plastiko isurketen inguruko kezka zabaldu nahi izan dute, eta taldeka itsas animalia ezberdinak irudikatu dituzte: itsas-izarrak, olagarroak, karramarroak, marmokak, etabar.

Modu horretan, itsasora isurtzen ditugun plastiko guztiek, bertako animali eta landareen artean eragiten duten kaltea azpimarratu nahi izan dute.

Gasteizen desfilea, gaur eta bihar

Urtero bezala, Gasteizko kaleek konpartsek antolatutako inauterietako desfilea biziko dute. Aurtengoan 26 talde izango dira parte hartuko dutenak eta mozorro sorta zabala erakutsiko dute: Piratak, deabruak, Harry Poter munduko pertsonaiak, Steampunk motakoak, arlekin klasikoak, eta beste asko.

Desfilea arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Iparralde Gizarte Etxetik, eta Legutioko ataria, Frantzia kalea, Paz, Ortiza de Zarate eta Florida zeharkatuko ditu. Gaurkoan ikusteko aukerarik ez duenak, bihar ere aukera izango du 12:00etatik aurrera, ibilbide berberarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide