Egoera sozioekonomikoa

Krisien kalteak gainditu ezinean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 17a, 06:00

Berrikuntza ez da inoiz tokiko industria jardueraren tradizioan indargune izan, eta hala jarraitzen du. AFA

1980. hamarkadako krisitik ateratzen ari zenean, industriaren krisi berri batek Aiaraldeko ehun ekonomikoa larriki kaltetu zuen. Horren eraginez, biztanleen galera garrantzitsua ere bizi izan du.

Kantauri isurialdean Arabak duen eremurik handiena osatzen dute Aiara, Amurrio, Artziniega, Laudio eta Okondo udalerriek, eta herrialdeko ekonomian bigarren eskualde garrantzitsuena da. Alta, Aiaraldeak 2008. urteko indar ekonomikoa berreskuratzeko zailtasun handiak ditu, eta Debagoienaren tamainako uzkurdura pairatu du.

Gaindegiak Euskal Herriko eskualdeen egoera soziokonomikoari buruz landu duen azterketan jaso denez, "80eko hamarkadako krisi ekonomikoaren ajeak erabat gainditu gabe ere, industriaren krisi berria etorri zaio gainera lurraldeari; eta hamar urte beranduago egoera gainditzeko zailtasunak dituen euskal lurraldeetako bat da". 

Bilbo Handiari begirako industria-ehun handia zuen Aiaraldeak –2008. urtean manufaktura-industriak balio erantsiaren %53,3 sortzen zuen–, baina hamar urteko epean (2008-2018) enpresa garrantzitsuak desagertu dira lurraldetik, horien artean bostehun langile baino gehiagorentzat lana sortzen zuten bi lantegi. "Desagertutakoen artean baziren lurraldean trakzioa eragiten zuten batzuk".

Datu ekonomikoak egoera horren erakusle dira. Hala, eskualdeko herritarren jarduera-tasa (%76,1) ez da Euskal Herrikoaren mailara iristen (-0,7), eta langabezia-tasak (%15,7) Euskal Herrikoa gainditzen du (+1,1). Are gehiago, Aiaraldeko herritarren batezbesteko errenta pertsonala 15.900 eurokoa da, Araba osokoa baino apalagoa (-750 euro) eta  biztanleko Barne Produktu Gordina (33.125) ere Araba osokoa baino apalagoa da.

Genero desoreka handia

Jarduera-tasa apalarekin lotuta, errentaren gaineko genero desoreka handia antzematen da Aiaraldeko datu ekonomikoetan. Bi faktore azpimarratu ditu Gaindegiak arlo horretan. Batetik, manufaktura-industriako enpleguaren maskulinizazioa; bestetik, ez-aktibotasunaren feminizazioa: "15 eta 64 urte bitartekoen arteko ez-aktibotasunaren feminizazio-maila garrantzitsua da (%59,2), baita antzerako lan merkatua duten lurraldeekin alderatuta ere".

Gainera, goi-formazioa duten herritarren presentzia ez da bereziki handia eskualdean(%18,5) "seguruenik, hiriburuetara jotzeko joeraren eraginez".

Belaunaldi gazteen beharrean

Belaunaldi ordezkapenerako zailtasunak agerikoak dira, nortasun industrial handiko Euskal Herriko beste eremu askotan bezala, Aiaraldean ere. Egun 34.451 biztanle ditu, gehientsuenak Laudion (18.205) eta Amurrion (10.286) kokatzen dira. XX. mendearen bigarren erditik 80eko hamarkada hasierako industria krisia hasi arte, hazkunde demografiko bizkorra izan zuen, eta Laudio bilakaera demografiko bizkorraren muina izan zen. Haatik, 80eko hamarkadan herritarren bolumenari eutsi arren, 90eko hamarkadan herritarren galera nabarmena jasan zuen. Bestalde, Aiaraldean, baby boomeko belaunaldiaren aztarna esanguratsua da eta herritarren zahartze-tasak (%22,4) Euskal Herrikoa gainditzen du (+0,8). Praktikan, Aiaraldeko zahartze demografikoa Laudiok eragiten du, non herritarren laurden bat 65 urtetik gorako adina duen (%25,0). Nolanahi ere, lurralde osoan 15-29 urte bitarteko gazteen presentzia ahula da (herritarren %12,2). Halaber, enplegu eza medio, Espainiako estatutik kanpo jaiotako etorkinen presentzia oso apala da eskualdean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago